Oso pozik daude Soraluze Pilota Elkartean atzo, domeka, Debarroko Txapelketako finaletan ondutakoarekin. Hiru txapel zeuden jokoan, bi jokatu zituzten Soraluzeko ordezkariek eta biak ekarri zituzten etxera.
Nagusietan, Manex Balerdik eta Aitor Atxotegik 22-7 irabazi zieten Ibon Ibarra eta Ander Agirresarobe eibartarrei. Atxotegik kontatu duenez, bi bikoteak hasi ziren pareko “baina gero aldea” hartu zuten plazentziatarrek, “gure pilotak irteera gehiago zuen azpitik eta harekin min gehiago egin genien”.
Jubenil mailan, berriz, 22-9 irabazi zuten Eki Amuategik eta Mikel Caramanzanak Xabat Otazu eta Peru Alberdi bergararren kontrako finala. Horrekin ere pozik da euren entrenatzaile den Aitor Atxotegi: “Serio hartu zuten, ondo moldatu ziren plazako frontoi horretara eta bi txapel ekarri ditugu etxera; oso pozik”.
Atzoko pilota jaialdia hasi aurretik, Sabino Txurruka pilotari elgoibartarra omentu zuten, bera delako 75 urte hauetan Debarroko txapelketa gehienetan irabazi duen pilotaria, 11 aldiz, hain zuzen ere. Bada, gertu datorkio Aitor Atxotegi. 2014tik 2024ra jokatu diren bederatzi finaletatik zortzi irabazi egin ditu Atxotegik. Eta lehenago, 2009an beste bat irabazi zuen. Beraz, dagoeneko bederatzi txapel eskuratu ditu pilotari soraluzetarrak.
Atzoko jaialdiaren kronika Barren herri-komunikabideak egin zuen. HEMEN klikatuta irakurgai.
Argazkiak: Ezozi eta Koldo.