Domekan, Elgoibarko pilota jaialdian, Jubenil mailako finala jokatuko dute Soraluze Pilota Elkarteko Eki Amuategik eta Mikel Caramanzanak Xabat Otazu eta Peru Alberdiren kontra.
Nagusien mailan, berriz, Manex Balerdik eta Aitor Atxotegik jokatuko dute, Eibarko Ibon Ibarraren eta Ander Agirresaroberen kontra.
Soraluzeko elkarteko arduradun eta entrenatzaile Aitor Atxotegiri galdetuta, hark jubenilen partida "parekatuta" ikusten du: "Ligaxkan, hemen 22-15 galdu zuten soraluzetarrek, Bergaran, berriz, 22-16 irabazi zuten soraluzetarrek. Hortaz, finala nahiko berdinduta aurreikusten dut, baina irabazteko esperantzarekin".
Bi txapelak eskuratzeko esperantza
Atxotegik berak Balerdirekin jokatu duen finalari dagokionez, berriz, horra ere irabazteko esperantzarekin joango dela esan du pilotari soraluzetarrak: "Baina jakinda ez dela izango ligaxkan bezain erraz. Elgoibarko kaleko frontoia desberdina da, oso gutxi jokatu dugu han eta uste dut eragina izango duela horrek. Irabazteko esperantzarekin goaz, baina guk gurea jokatuko beharko dugu. Dena den, ea bi txapelekin bueltatzen garen".
11:00etan hasiko da pilota jaialdia, Elgoibarko Kalegoen plazan. Soraluzekoenak bigarren eta hirugarren partidak izango dira.