Zapatuan, Donostiatik, Hernanitik, Arrasatetik, Mutrikutik, Eibartik, Zornotzatik, eta Gasteiztik bertaratuko dira errugbi jokalariak Ezoziko zelaira. Oviedoko errugbi taldekoak, berriz, bezperan etorriko dira.
Guztira, 10 talde izango dira zapatuan Soraluzen, 180 izango dira jokalariak eta haiei laguntzen etorriko dira entrenatzaileak, begiraleak, gurasoak eta beste. Antolatzaileek, SoraGazteak Rugby Klubak, esaterako, 14 bat lagun izango ditu boluntario lanetan eguna ondo joan dadin. Beraz, jendetsua izango da zapatuko errugbi eguna.
Harrerak eginda, 10:00etan hasi eta 14:00ak arte jardungo dute errugbian eta eguna borobiltzeko, partaide guztiei emango diete domina bana.
Errugbia eta gehiago
Enekoitz Igartua SoraGazteak Rugby Klubeko kideak emandako xehetasunen arabera, errugbi partidekin batera, punteria jolasak, musika eta “hamarretako potentea” izango dituzte Errugbi Egunera doazenek. Horrez aparte, hirugarren denborarako paella prestatuko dute, staff lanetan ibiliko diren 70 bat lagunendako.
Igartuak gaineratu duenez, Errugbi Egunera datozen bisitariak “animatu” egingo ditu gero Soraluzen gera daitezen, ur-parkeaz zein Sour jaialdiaz gozatzen.