Gaur, domeka, Europako Parlamenturako 720 legebiltzarkideak aukeratuko dira eta 34 alderdik aurkeztu dituzte euren proposamenak. Soraluzetarrei dagokienez, 2.776 herritarrek dute botoa emateko eskubidea eta 14:00etarako batez besteko %36,64ko parte-hartzea kontabilizatu dute herriko bost mahaietan.
EAEko hiru lurraldeei dagokienez, berriz, Gipuzkoan 557.031 pertsonak eman ahal izango dute botoa; Araban, berriz, 253.146k; eta Bizkaian, 901.886k.
EAEko alderdi nagusiak –EH Bildu eta EAJ– koalizio banatan aurkeztu dira gaurko hauteskundetara. EH Bildu Orain Errepublikak izenpean aurkeztu da Kataluniako Ezker Errepublikanoarekin (ERC), Galiziako Bloke Nazionalistarekin eta Balear Uharteetako Ara Mes alderdiarekin batera. Euskal Herriko ezker abertzaleko alderdiko zerrendaburua Pernando Barrena da, baina Orain Errepublikak alderdiko zerrendako bigarren hautagaia da.
EAJren kasuan ere, koalizioan aurkeztu da, Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioaren (CEUS) izenburupean Nafarroako eta Espainiako beste zenbait alderdirekin; hain zuzen ere, Geroa Nafarroako Sozialberdeak Europarekin, Atarrabia Taldearekin, Kanariar Koalizioarekin eta Balear Uharteetako Uharteetarako Proposamena alderdiarekin. Alderdi jeltzaleko Oihane Agirregoitia da CEUSeko zerrendaburua.
Guztira, 34 alderdik aurkeztu dituzte euren hauteskunde programak eta horien artean aukeratu ahal izango dute herritarrek. Besteak beste, gainerako alderdi nagusiek ere aurkeztu dituzte euren hautagaitzak: PSOE, PP, Sumar edota Podemos alderdiek.
Bestalde, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak abstentziorako deia egin du, haien esanetan gaurko hauteskundeek "ez dutelako inolako aldaketarik ekarriko".