Soraluzeko Pilota Elkarteko Manex Balerdi eta Aitor Atxotegi pozik geratu ziren atzoko emaitzarekin. “Fallotxo batzuk izan ditugu, baina orokorrean ondo”, esan zuen Atxotegik partidaren amaieran.
22-8 irabazi zuten Oñatiko Aloña Mendiko Aitor Tatiegiren eta Ander Bianen kontrako finalerdia, atzo, Araneko frontoian. Ordu erdi inguru iraun zuen binakakoak, eta, batik bat, aurreko koadroetan jokatu ziren tantoak, biziak asko, sakearekin irabazitakoak hainbat eta atze aldean jokatu zirenak gutxixeago.
Finalerdia irabazita, finalera begira daude Soraluzeko Pilota Elkarteko nagusiak. Jakinekoa da ekainaren 16an jokatuko dela, Elgoibarren, eguraldi ona bada, plazan. Oraindik jakin beharrekoa da, berriz, zein bikote izango den soraluzetarren kontrario, Eibar ala Aretxabaleta. Finalerdia jokatzeko dago oraindik.