Europar Batasuneko Parlamentuari idazkia zuzendu diote Pentsiodunen Mugimenduek, pentsio publikoekin lotutako eskariak eginez. Asteleheneko elkarretaratzean irakurri zuten idazkia. Haren arabera, oro har, pentsio publiko duinak bermatzeko estrategiak garatzea, horretarako “politika zehatzak bultzatzea”, hori guztia gauzatzeko fondoak bideratzea eta pentsio publiko duinen gaiari arauzko bermea ematea eskatzen diete Europar Batasuneko etorkizuneko agintariei.
Eskaera zehatzagoak eginez, honakoak lehenetsi dituzte: bizitzeko besteko pentsioak, genero-arrakala desagerraraztea, ordezkapen-tasa murriztea eragoztea eta 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea.
“Gizarte demokratiko baten funtsezko osagaia da langileentzat pentsio publiko duinak izatea euren bizitzako azken urteetan. Gizarte demokratiko horren helburu nagusia da pertsona guztiek bizi-baldintza duinak izatea, aberastasuna berdintasunez banatuz. Horrela ez egiteak Europa sozialaren eta herrien zimenduak haustea esan nahi du, korporazio transnazionalen eta merkatuaren Europaren alternatiba gisa”, diote.
Horrez aparte, besteak beste, salatzen dute Europako Banku Zentrala kapitalizazio-pentsioen planak bultzatzen dabilela eta gaitzetsi egiten dute finantza-lobbyek horrekin lotuta duten iritzia.
Idazkia irakurri ondoren, asteleheneko elkarretaratzean jakinarazi zuten irailera arte oporrak hartuko dituztela.