Noiz eta zergatik sortu duzue Parketarrak egitasmoa?
Lehenengo aldiz 2023an egin genuen. Gurasoendako jolas ikastaroek arrakasta dezente zuten baina ikusten ari ginen gurasoei gehiago kostatzen zitzaiela saioetara joateko konpromisoa hartzea. Orduan pentsatu genuen jolas horiek irakasteko beste modu bat bilatzea eta modu hori izan zen parkeetara joatea eta zuzenean ordubeteko saioa egitea bertan.
Zein da jolasaren eta umeen arteko harremanaren erradiografia orokorra?
Esango nuke justu jolasaren gaia ez dela hainbeste aldatu. Egia da teknologia berriek ekarri dizkiguten ohitura txar batzuek eragiten dutela umeek gutxiago jolastea baina umeak bere barnean jolasa behar du garapenerako eta bilatzen dute. Gaur egun, oraindik, proposatzen baldin badizkiegu korro jolasak, lerrokakoak edo salto-saltokoak, betiko jolas horiek arrakasta izaten jarraitzen dute.
Norbaitek galde lezake ea orain umeei jolasean ere erakutsi behar ote zaien?
Jolasak transmisio bitartez jaso ditugu denok, hizkuntza bezala eta egia da transmisio horrek izan duela eten bat. Askotan, gurasoak euskaldunak izan arren, euren gurasoak beste garai batean, transmisio hori gazteleraz jaso zuten, besteak beste, euskaraz jolastea debekatuta izan zutelako.
Eta badago beste kontu bat, nire ustez eragin handiagoa duena. Umeak arratsaldetan izena emanda daude eskolaz kanpoko jarduera pila batetan eta gure gizartean, tamalez, badago ikuspegi bat egunero arratsaldean parkean, ezer egin gabe (kakotx artean), denbora galtzen ari dela uste duena. Aldiz, ingelesa edo beste zerbait ikasten ari den haurra bere onerako zerbait egiten ari dela. Nik hezitzaile bezala justu kontrakoa azpimarratuko nuke, parkean, jolas askean dabilen haurra gauza pila bat ikasten ari da: sozializatzen, rol desberdinak hartzen, motrizitatea lantzen… Tamalez, gaur egungo haurrek denbora gutxi dute jolas libre eta ez gidatu horretarako. Nik uste dut horrek eragina izango duela etorkizunean.
Nolako jolasak dira proposatzen dituzuenak?
Material gabeko jolasak izaten dira, ezer berezirik behar ez dutenak eta edozein momentutan eta edozein lekutan jolasteko modukoak. Hori ere bada helburua, gu ez gaudenean ere jolasean jarraitzea. Bestalde, denak dira euskarazko jolasak, gure helburua delako umeen hizkuntza ohituretan eragitea. Gaztelerazko jolasak ikasita errazagoa da gazteleraz jardutea eta alderantziz. Jolasak eta aisialdia aukera paregabea dira euskarari beste espazio bat emateko.
Adibide moduan, zein jolas nabarmenduko zenuke?
Txikienekin egiten ditugun jolasen artean, esaterako, badago binaka egiteko jolasa, Txango-txango, izugarrizko arrakasta duena. Bi jolaskideetako batek kanika bat gordetzen du eskuan, atzean eta besteari abesten dio: “Txango txango txango, non dago? Ez dizut esango. Muxu bat emango?”. Muxu bat eman behar diote elkarri eta eskuak aurreratutakoan taldekideak asmatu behar du non dagoen. Izan daiteke kanika, txanpona edo harri bat.