Ohikoa baino tonu positiboagoa izan zuen pentsio publiko duinen aldeko atzoko elkarretaratzeak. Batetik, hizpide izan zituztelako egin berri dituzten pentsiodunen plataformen eta sindikatuen arteko topaketak eta balorazioaren arabera, “arrakastatsu” joan ziren.
Bertako, Estatuko zein Europako plataformetako eta sindikatuetako 210 kidek parte hartu zuten eta besteak beste, pentsio publiko duinak eskatzeko Europa mailako mobilizazioak edo bestelako ekimen partekatuak bultzatzeko aukera izan zuten langai.
Horrez aparte, topaketetan salatu zuten “kanpaina iraunkor” bat dagoela martxan, gizarteari sinistarazteko pentsio-sistema publikoak ez direla iraunkorrak. Ildo beretik, salatu zuten argudio hori oinarri “uko” egiten dietela pentsiodunen mugimenduen proposamenei.
"Erreparazio positiboko" neurria
Bestelakoen artean, berriz, langabezia-sorospena ere izan zuten hizpide atzokoan. Kasu honetan ere, modu positiboan baloratu zuten Lan Ministerioak Gizarte Segurantzako LGSaren %125a berreskuratu izana langabezian dauden eta langabezia-sorospena jasotzen duten 52 urtetik gorako langileentzat.
Uste dute “erreparazio positiboko neurri bat” dela, “1.653 euroren truke kotizatzea ahalbidetuko” duena. Baina gogorarazi zuten “langile horiek kobratuko duten subsidio-prestazioa 480 eurotan mantenduko dela hilero, eta hori miseria bat da”, azpimarratu zuten.