Atzoko elkarretaratzean jakinarazi zutenez, topaketetan, Estatuko Herri eta Erkidegoetako pentsiodunen plataformen eta sindikatuen ordezkariek, Europako beste herri batzuetako sindikatuetako pentsiodunek eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkari ugarik parte hartuko dute.
Europako hauteskundeei begira, pentsioen gaia erdigunean jarri nahi dute, agintariek eta politikariek aintzakotzat har ditzaten legealdi berrian.
Gai horrez aparte, atzoko protesta ekitaldian egoitzen gaia ere izan zuten hizpide. Salatu zutenez, “negozio pribatua” egiten ari dira EAEko egoitzekin: “EAEn, guztira, 280 egoitza-zentrok eskaintzen dituzte adinekoentzako plazak, eta horietatik 179k irabazteko asmoa dute, % 68,9k. Negozio pribatua oso mardula da irabazi-asmoa duten egoitzentzat. Eta horren ondorioz, adinekoei arreta emateko baldintzak publikoetan baino okerragoak dira”.
Egoera salatu izanagatik ere, pentsiodunen mugimenduko ordezkariek esan zutenez, “ez Aldundiek ez Gasteizko Gobernuak ez dute horretaz ezer jakin nahi, eta, aldiz, diru publikoarekin sostengatutako itunpeko egoitzak sustatzen eta bultzatzen jarraitzen dute, kudeatzaile pribatuek onura oparoak lor ditzaten”. Horregatik, horren kontra “protestatzen eta mobilizatzen jarraitu beharko” dutela azpimarratu zuten.