Eskuinak eta eskuin muturrak pentsioei egiten dieten “erasoak” salatu zituzten asteleheneko elkarretaratzean, haiek esaten baitute pentsio sistema publikoak ez duela “iraunkortasunik”.
Pentsiodunen mugimenduaren esanetan, gezurrak dira horiek guztiak eta orain, ekainaren 9rako botoa eskatzen ari diren honetan, gogoratu egin behar da “gauza bat eta bestea agintzen” dutela, “baina gero, eserlekutik, pentsioen eta zerbitzu publikoen aurka bozkatzen” dutela. “Errealitatea oso bestelakoa da eskuinak eta ultraeskuinak nahita aditzera ematen duten informazioarekin alderatuta”, azpimarratu zuten.
Horrez aparte, hurrengo astera begira ere jarri ziren, iragarriz maiatzaren 23an eta 24an Pentsiodunen Topaketa egingo dutela Bilboko Sarrikoko fakultatean. Partaidetza zabala espero dute, Estatuko hainbat herri eta erkidegotako pentsiodunen plataformetakoak eta mugimenduetako, sindikatuetako ordezkarienak eta baita Europako beste herri batzuetakoa ere. Hain justu, bestelako pentsio-ereduak izango dituzte aztergai topaketan, besteak beste.