Gazak bizi duen “benetako genozidioa” salatzeko langileak mobilizatzera deitu dituzte ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, Hiru, CGT LKN, STEILAS, Solidari, EHNE eta Etxalde sindikatuek. 'SOS Rafah-STOP genozidioa' lelopean deitu dituzte elkarretaratzeak uskal Herri osoko lantokietan eta hiriburuetan.
Deialdian, salatu dute dagoeneko 35.000 palestinar, -12.000 baino gehiago umeak- hil dituela Israelek eta azpimarratu dute orain, “Israelgo armadak Rafah-n hartu izana, zibilak bonbardatu izana eta existitzen ez diren "eremu seguru" batzuei hiria husteko agindua eman izana, herri palestinarraren aurka gertatzen ari den genozidioan” beste pauso bat dela.
Gogora ekarri dute Israelek 75 urte daramatzala Palestinako “lurrak kolonizatu eta bertako bizilagunei “aparheid sistema” ezartzen”. Uste dute “Israelgo gobernua sarraski hori geldiaraztera eta Palestinaren legez kanpoko okupazioarekin amaitzera behartu” behar dela. “Premiazkoa da nazioarteko komunitateak esku hartzea”.
Hori horrela, deialdia egin duten sindikatuek honakoa aldarrikatzen dute:
- Gazak bizi duen genozidioari amaiera emango dion su eten iraunkor bat.
- Alde guztien arteko negoziazioaren eta elkarrizketaren bidez eta nazioarteko komunitatearen babespean eman beharreko konponbide integrala; Palestinaren kolonizazioaren eta okupazioaren amaierari, preso politiko eta errefuxiatu palestinarren itzulerari nahiz Palestinak nazioarteko komunitateak onartutako estatu bat izateko duen eskubidea bermatuko duena.
- Israeli armak saltzeari uztea eta enpresa, erakunde lokal, estatal nahiz europarrek, edota unibertsitate nahiz eragile sozialek, Palestinak bizi duen genozidioa salatzen ez duten entitate edo erakunderekin aktibitate komertziala, ekonomikoa edota beste edozein eremutakoa etetea (elkarkidetze-akordioak eta Europar Batasunaren eta estatu kideen itunak kasu).
- EAE eta Nafarroa erakundeek, nahiz Estatu Espainiarrak Nazioarteko Zigor Gortean Esku-hartze Adierazpenak aurkeztea, Israelen aurka abian den demandari babesa eskainiz.