EAJ-PNVko udal taldeko bozeramale Iker Aldazabalek jakinarazi duenez, maiatzaren 9ko Hirigintza batzordean eskatu zuten pibote hidraulikoak konpontzeko. “Azkenaldian, zubi nagusiko eta Santa Ana kaleko pibote hidraulikoak izorratuta daude eta hauen ordez obretan erabiltzen diren konoak ipini dituzte. Bertatik igarotzea nahi duenak ibilgailutik jaitsi beharra dauka, konoa kendu eta ibilgailuarekin pasa ondoren berriz ere konoa bere tokian ipini behar du. Ez zaigu zilegi iruditzen; ondorioz hauek zahar berritzeko eskaria luzatu diogu Udal Gobernuari”.
Halaber, EAJk gaineratu du Etxaburuetako piboteak "arazoak" ematen dituela eta hango semaforoa "kolpatuta eta erortzeko zorian" dagoela. Haren funtzionamendu desegokiaren ondorioz Udalak kalte ordainak ordaindu behar izan dituela jakinarazi dute ordezkari jeltzaleek.
Baldosak eta zakarrontziak
Horrez aparte, beste bi eskaera ere egin dituztela jakinarazi du Aldazabalek. Batetik, apurtuta dauden baldosak konpontzeko. Dioenez, “Plaza Zaharrean eta zenbait kaletan” daude apurtuta eta haien ondorioz “zenbait herritar” erori egin dira.
Bestetik, ordezkari jeltzaleak esan du apirileko Hirigintzako batzordean “apurtuta edota kendu diren zakar ontziak berriz ere ipintzeko” eskatu zuela Soraluzeko EAJ-PNV udal taldeak. Eta “ondorioz udalak, 20 zaborrontzi berri” erosiko dituela haiek ordezkatzeko eta berriak ipintzeko.