Amillubik Udaberriko Lurra Taupaka festa antolatu du maiatzaren 11rako

DKT 2024ko mai. 9a, 19:17

Egun osoko egitarau irekia prestatu dute zapaturako, diru bilketaz harago, egitasmoa herritarrekin partekatzeko. Sarrerak Internet bidez eros daitezke. Zestoan da hitzordua, Amillubi baserrian. Promozio bideoan, proiektuaren laguntzaile diren bi plazentziatar ageri dira: Roman Olaizola eta Ainhoa Zubizarreta. 

Lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatzeko proiektu herrikoia da Amillubi. Herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da, eta zapatuan, maiatzaren 11n,  egitasmoari bultzada emateko egun osoko egitaraua prestatu dute Amillubin bertan. Talde eragileko kideek eta Biolur elkarteak herritarrei bertaratzeko gonbidapena egin diete.

Joan den abenduan eman zuen ezagutzera Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko Gipuzkoako elkarteak Amillubi, lurra taupaka ekimena; Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan kokatuta dagoen Amilibia baserria eta bere lurrak ondasun kolektibo bilakatzeko helburuarekin ekin diote egitasmoari. "Egungo krisi ekologikoaren eta lehen sektoreak bizi dituen zailtasunen testuinguruan, Amillubik Euskal Herriko Elikadura Burujabetza garatzeko pauso txiki baina estrategikoa izan nahi du, dagoeneko orain urte batzuk Ipar Euskal Herrian martxan jarri zen Lurzaindiaren lorratzari jarraituz", nabarmendu dute.

Horretarako 150.000 euroko diru-bilketa ere aurkeztu dute Coop57 Fundazioarekin batera, eta orain artean 100.000 euro biltzea lortu da, herritar, kolektibo zein erakundeen ekarpenei esker. Maiatzaren amaierarako beste 50.000 euro lortzea da erronka, eta horretarako datozen hilabeteetarako dinamika desberdinak prestatzen ari da Amillubiko lantaldea. Besteak beste, bilaraz bailara proiektua aurkezteko hitzaldiak egiten dabiltza, eta horrekin batera, bailara guztietako herritarrek parte hartu duten bideo labur batzuk ere sortu dituzte; Biolurreko Youtube kanalean eskegi dituzte (hemen goian ikus dezakezue Debabarrenekoa).

Dagoeneko auzolanean lurra prestatzen eta udaberriko landaketekin hasi badira ere, etzirako (maiatzak 11) egun osoko egitarau irekia prestatu dute, diru bilketaz harago, egitasmoa herritarrekin partekatzeko. Proiektuaren sustatzaileen helburua da egitasmora herritarrak erakartzea eta elikadura burujabetzaren aldeko urratsak ematea. Horretarako bi topagune nagusi aurreikusten dituzte urtero: bata, udaberri sasoian egingo dena –asteburu honetakoa izango da estreinakoa–, eta bestea, udazkenean. Udaberriko topaguneei izaera ludikoa eman nahi diete, eta udazkenekoak hausnarketarako baliatu, epe ertainera begirako proiektuak zehazteko eta epe luzera begirako bide-orria adosteko.

Hona hemen larunbateko egitaraua, osorik: 

  • 11:00etan: Amillubi egitasmoaren aurkezpena eta bisita.
  • 12:00etan: Enekoachekin Lurrarekin konexioa saio umoretsua, Antton Telleriaren eskutik. Ordu berean, Baso bainu-ibilaldia Tantai Kooperatibaren eskutik.
  • 13:30ean: Poteo musikatua, EHko Batukada Feminista Sareak gidatuta.
  • 14:30ean: Bazkaria.
  • 15:30ean: Umeentzako clown ikuskizuna Itziar Saenz de Ojeren eskutik.
  • 16:30ean: Bakarrizketa umoretsua GREGOren eskutik (Beatriz Egizabal). 
  • 17:30ean: Mejillon Tigre kolektiboaren errezitaldia.
  • 18:30ean: Kontzertuak: 3zur, Pelax eta Babarrunba taldeekin.

Egunean zehar, gainera, umeentzako txokoa egongo da.

Sarrerak salgai jarri dituzte honako lotura honetan. Sarrera mota desberdinak daude. Egun osoko txartela 20 euro ordaindu beharko da; goiz pasa 10 euro; arratsalde pasa 15 euro eta bazkaria soilik 10 euro. 

Informazio gehiagorako: www.amillubi.eus