Soralucek nabarmendu duenez, konpromezu sendoa du "ingurumenaren jasangarritasunarekin eta eraikin jasangarri, estatikoki aurreratu eta ingurunearekin integratzen duen diseinuarekin eta eraikuntzarekin" eta horixe baieztatzen du orain eskuratu jaso duen LEED ziurtagiriak. Ziurtagiri hori US Green Building Councilek (Estatu Batuetako Eraikuntza Berdeko Kontseilua) ematen du eta "aitortu eta baloratu egiten ditu erakundeek ingurumena errespetatzen duten eta baliabideen erabileran eraginkorrak diren eraikinak diseinatzeko, eraikitzeko eta jarduteko egindako ahaleginak".
Kooperatibaren esanetan, ziurtagiri entzutetsu hori lortzen lagundu zuten proiektuaren alderdi nabarmenen artean daude ondorengo hauek: "eraikuntzaren geometria, inguratze-mota, beiratea, fatxadaren orientazioa, uraren kontsumoaren murrizketa, lurzoruaren okupazioa eta paisajismoa, proiektuaren bizi zikloa eta beste hainbat alderdi".
Eraikinak baditu beste hainbat ezaugarri ere, beste hainbat aspektu zaintzen dituztenak: eraginkortasun energetikoa, uraren kudeaketa, material jasangarriak, barneko ingurumen kalitatea, kokapena eta garraioa...
Rafael Idigoras: "Gure eraikin berria ekoeraginkortasun estandarren arabera eraiki dela egiaztatzen du"
Rafael Idigoras Soraluceko zuzendari gerenteak ziurtagiria lortzearen garrantzia azpimarratu du: "Beti ari gara biharkoan pentsatzen, tokikotik globalera; izan ere, LEED ziurtagiri honek eraikuntza prozesuari ez ezik, Osintxuko (Bergara) gure eraikin berria ekoeraginkortasun estandarren arabera eraiki dela egiaztatzen du eta, era berean, haren hondakinen kudeaketa, barruko energia-kontsumoa edo mugikortasun berdearen aldeko apustua balioesten ditu. Hunkituta gaude LEED ziurtagiria jaso dugulako, iraunkortasunarekin eta ingurumen erantzukizunarekin dugun konpromiso irmoa islatzen baitu. Lorpen hori gure taldearen lan neketsuaren eta dedikazioaren emaitza da, bai eta enpresa praktika jasangarriagoetarako aldaketa lideratzeko gure ikuspegiarena ere ".
Ildo berean, Idigorasek ondorengoa gehitu du: "Sei hamarkada baino gehiago daramatzagu gure sektorea iraultzen; eta orain, gure lidergoa indartu dugu berriro, LEED GOLD ziurtagiri hau lortuta. Beti dagoelako norbait saiatzera ausartzen dena. Lehenik ikusi, irudikatu, pentsatu, ulertu, sinetsi eta sortzen duen norbait. Horregatik, gure ikurhitz berria (There is only one first) motibazio mezua da guretzat. Arauak aldatzen dituen eta bide berriak markatzen dituen enpresa izateko egunero lan egitera are gehiago bultzatzen gaitu".
Osintxu Bizi
Azkenik, SORALUCE Koop. Elkarteak nabarmendu du enpresak "gizartean eta ingurune hurbilenean" sortzen duen "eragin positiboa" eta berau "printzipio kooperatiboen isla leiala" dela.
Horrekin batera, azpimarratu dute, kooperatibak "apustu irmoa" egiten duela "Bergarako Osintxu eta Mekolalde auzoetan bere enpresa jardueraren garapen iraunkorraren alde" eta gainera Soraluce "Osintxu Bizi proiektuaren parte aktiboa" dela. Hain zuzen, Osintxu Bizi proiektua Bergarako Udalak, SORALUCE Koop. Elkarteak eta auzoko bizilagunek osatutako lankidetza plataforma da eta auzoaren "aurrerapena sustatzen du ikuspegi multidimentsional batetik, arlo ekonomikoa, urbanistikoa, ingurumenekoa eta soziala kontutan hartuz". Zehazki bultzatzen duena da "instalazioak, espazio publikoak, ekipamenduak, mugikortasuna, jarduera komertziala eta auzoko bizitza hobea eta erakargarriagoa egitea". Proiektua 2021ean jarri zen martxan eta besteak beste, horrek ahalbideratu du urte horretatik beretik auzoko Haur Eskola berriz irekitzea.