Apirilaren 27an, zapatu goizean, Sorako Gorengo mailako taldeak indarrak neurtu zituen Antzuola K.E. futbol taldearen aurka. Antzuolarrak irabazten hasi arren, berehala lortu zuen berdinketa Sorak eta gol bana horiekin markagailuan bukatu zuten partida.
Rolan fin
Fin dabil azkenaldian Danier Rolando Flores Rolan, ia partiduro goltxoa gehituz etxekoen markagailura. Seguraren kontrako partida zailean —aurreko jardunaldikoan—, atsedenaldia adierazi baino minutu bat lehenago egin zuen Soraren lehenengoa. Oraingoan, berdintsu, aldageletara joan aurretik lortu zuen berdinketa (⚽43') eta taldea porrotetik salbatzea.
Lesioa bigarren zatian
Jon Ander Recio aurrelaria —baloiarengatik borrokan zela— erori eta sorbalda atera zuen, bigarren zatia hasi eta hamar minutu eskasera (➕55'). Mikel Cid entrenatzailea, partiduko lehen aldaketa egitera behartuta ikusi zuen bere burua, eta Julen Riveras zelairatu zen Recioren ordez. Ezbehar berezi barik izan ziren hurrengo aldaketak: Arrillaga, Ruizen partez (65'); Varela, Oñederraren partez (70'); eta Zubiaurre, Gilen ordez (81').
Ez hori, ez gorri
Aurreko partiduetan txartel hori dezente jaso izan ditu Sorak. Pasa den jardunaldian, bi txartel bakarrik, baina biak gorri: 20 minutu eskasean, 9 jokalarirekin utzi zuen taldea epaileak; eta zapatuko norgehiagoka jokatu ezinda geratu ziren Jon Perez eta Bienvenue Biokou Bio.
Partida honetan, ordea, txartel barik amaitu zuten partida Sorako mutilek. Antzuolarrek bi hori jaso zituzten.
Gainontzeko taldeen emaitzak eta egutegia Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.