Udalbatzak apirilean egindako osoko bilkurako galdera eta eskarien puntua baliatu zuen EAJ-PNV Udal taldeko bozeramale Iker Aldazabalek Dolmenen Ibilbidearen gaia udalbatzarrean mahai-gaineratzeko.
Oro har, jeltzaleek faltan ikusi dute Soraluzeko Udal Gobernuaren aldetik Dolmenen Ibilbidearekiko bultzada, Soraluze beti izan baita proiektu horren bultzatzaile nagusia, Aldazabalen esanetan. Horren erakusle, hiru puntu aipatu zituen zinegotziak.
Seinaleztapena eta biribilgunea
Batetik, iaz Diputazioarekin adostutako seinaleztapena berritzeko proiektuari buruzko informazioa eskatu eta jaso ez izana adierazi zuen. Horrekin batera, Karakateko mahai panoramiko berriaren gaineko informazioa ere eskatu zuen.
Bestetik, esan zuen herriko komunikabidearen bitartez jakin zuela Dolmenen Ibilbiderako aurtengo bisiten berri eta gaineratu zuen, zentzu horretan, faltan igarri zuela informazio hori herriz gaindiko komunikabideetan, tirada handikoetan ere ikustea.
Hirugarrenik, Dolmemen Ibilbidea iragartzen duen Irukurutzetako biribilgunearen mantenu falta ere aipatu zuen Iker Aldazabalek, besteak beste, belarrez beteta baitago hura.
Bukatzeko, Aldazabalek azpimarratu zuen Dolmenen Ibilbidearen proiektuak “bultzatzea merezi” duela, “hainbeste urtetan landutakoa” izanda; gaineratu zuenez ez luke “inertziarekin hiltzen laga nahi”, “herria internazionalki mapan ipin” duen proiektua. Baieztapena janzteko gogora ekarri zuen txinatarrak ere etorri izan direla Dolmenen Ibilbidea bisitatzera.
Gainerako Udalen inplikazioa
Gaiari erantzunez, Unai Larreategi alkateak esan zuen Dolmenen Ibilbidea proiektuko parte diren gainerako udalen (Bergara eta Elgoibar) inplikazio handiagoa lortzeko ahalegina egiten ari direla, bestek beste, hiruren artean duten hitzarmenean hainbat aldaketa egin nahi baitituzte.
Seinaleztapenari buruz, berriz, gaia pendiente dutela esplikatu zuen, besteak beste, eskualdeko Turismo Bulegoaren erantzun baten zain daudela. Karakateko mahai panoramikoaren eskaera, berriz, bideratuta dagoela jakinarazi zuen alkateak.
Biribilgunerako zerbait pentsatu beharra
Azkenik, Irukurutzetako biribilguneari buruz, aditzera eman zuen bere garaian, biribilgune hura egin zutenean diseinatu zela diseinatu zen moduan eta inork ez zuela espero orain ikusten den erretratua ikusterik, dena belar txarrez beteta. “Baina belar txarrak irten egin dira eta egoerak ez du irtenbide errazik”, esplikatu zuen Larreategik.
Alkateak esan zuenez, orain, biribilgunea itxuratzeko garbiketa txikiren bat egin daitekeela baina aurrera begira, beste zerbait pentsatu beharko dutela, edo zementua bota eta gainean oraingo harri zuriak ipini ala zorua aldatu, harriak kendu eta lorategi itxura eman.