Tantai Baso Jabe Kooperatibako bazkide egingo da Soraluzeko Udala

Ubane Madera Zangitu 2024ko api. 18a, 16:36
Zuhaitzak landatzen, aurtengo Zuhaitz Egunean.

Soraluzeko Udala Tantai Baso Jabe Kooperatibako bazkide kolaboratzaile egingo da.  Helburua da orain arte Udalak garatu duen baso politikari jarraipena ematea Tantaik eskaintzen duen laguntza teknikoarekin indartuta. Udal Gobernuak zein oposizioak aho batez babestu zuten proposamena egin zuten azkeneko osokoan.

Tantai Baso Jabe Kooperatiban, pertsona fisiko batzuk badaude izena emanda, baina pertsona juridiko moduan, Soraluzeko Udala izango da kooperatiba horretako bazkide kolaboratzaile izaten lehena. Halaxe jakinarazi zuen Iker Aldazabal jeltzaleak joan den asteko osoko bilkuran, primizia moduan jakinarazi ere.

6.700 zuhaitza landatuta

Osokoan, aho batez onartu zuen udalbatzarrak Soraluzeko Udala Tantai kooperatibako bazkide kolaboratzaile egitea. EAJ-PNVko bozeramale Iker Aldazabalek gogora ekarri zuen azken bi agintaldietan, bertako baso politikaren aldeko apustu irmoa egin duela Soraluzeko Udalak. Horren erakusle, 32 hektarea lur erosi ditu eta 6.700 zuhaitz landatu. 

Gaineratu zuen, bide horretan aurrera egiteko, ikuspegi teknikoa beharrezko ikusten zutela eta hori lortzeko pausoak ematen hasi zirela eta orain hori gauzatu egin dela, Tantai kooperatibako bazkide kolaboratzaile izatea onartuta. Halaber, Aldazabalek poza erakutsi zuen oraingo Udal Gobernuak “dinamika horren aldeko apustua” egin duelako.

Patricia Borinaga sozialistak, berriz, azpimarratu zuen baso politika gaiak babesten segituko dutela Udal Gobernuan zeudenean egin zuten moduan: “Beti egongo gara ados honekin, politikatik harago doan gaia da”.