Martitzenean, Debarroko pilota txapelketako Nagusien Mailako lehen partida jokatu zuten Soraluzeko Pilota Elkarteko Manex Balerdik eta Aitor Atxotegik Eibarko Ibarra-Agirresarobe bikotearen kontra.
Ezohiko partida izan zen, eskuko istripua izan zuenetik jokatuko zuen eskuzko lehen partida izan baitzen Atxotegirendako. Baina laster uxatu ziren egon zitezkeen beldurrak.
Tanto motzak eta bizkorrak
Eibartarrek izan zuten lehen sakea eta eurek egin zuten partidako lehen tantoa. Baina segituan berdindu eta aurretik jarri ziren soraluzetarrak. Batik bat, tanto motzak jokatu zituzten. Hamargarren minuturako 8-2 zihoan partida eta soraluzetarrak nabarmen nagusi zirela 20. tantoraino iritsi ziren alde berorrekin. Hortxe lortu zuten eibartarrek partidako hirugarren eta azken tantoa. Balerdik eta Atxotegik ordura artekoari eutsi eta 22-3an bukatu zen norgehiagoka.
Amaitzean, Aitor Atxotegik esan zuen “gustura” zegoela eta “ondo” ikusi zuela bere burua.