Bihar, 11:00etan abiatuko da Gasteizko Bilbo Plazatik Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako manifestazioa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunek parte hartuko dute eta tartean Soraluzeko ordezkaritza izango da.
Horrez aparte, astelehenean, asteroko elkarretaratzea egin zuten 45 bat herritarrek Plaza Berrian. Bertan jakinarazi zutenez, azken hilabeteotan EAEko udalerrietako udaletan aurkeztutako mozioak udalen %80ak onartu egin ditu. Datutan, EAEn 149 udalek onartu egin dute eta 33k baztertu. Horrez aparte, Gipuzkoak Batzar Nagusiek ere onartu egin zuten.
Alderdi politikoen jokabidea
Alderdi politikoek izan duten jokabidearen gaineko datuak ere helarazi zituzten: “EAJk aurka bozkatu du udaletan presentzia duen %64an, %13an alde eta %24an abstenitu egin da. PSEk ordezkaritza duen udaletako %86an aurka bozkatu du, eta %11n abstenitu egin da. EH Bilduk ordezkaritza duen 69 udaletan mozioaren alde egin du, baita Elkarrekin Podemosek ere presentzia duen 10 udaletan. Era berean, horrela egin dute udal-elkarte independente gehienak”.
Azkenik, esan zutenez, Nafarroan, EAEkoaren antzeko mozio bat aurkeztu dute,Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak parte hartzen duen "Ahora 1080 Orain" Ekimen Sozialaren izenean. Mozio hori 28 udalerritan onartu da.
Bi eskakizun zituen mozioak. Batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari eskatzea 1.080 eurora arte osa dezatela pentsioa 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin. Eta bestetik, akordio hori Eusko Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrari zein Nafar Parlamentuari helaraztea.