Gogotsu eta jakinminez kantxaratuko da gaur Aitor Atxotegi Debarroko Pilota Txapelketako lehen partidan. Eskuko istripua izan zuenetik jokatuko duen eskuzko lehen partida izanda, eskuak zelan erantzuten dion ikusi nahi du.
Kontatu duenez, lauzpabost entrenamendu egin ditu bere kabuz, eskuak nahiko gogortu ditu, ez du minik sentitzen eta jokatzeko moduan ikusten du bere burua, baina ez daki zelan erantzungo dion eskuak. Bailarako lehiaketako maila Gipuzkoakoa eta Euskadikoa baino baxutxoagoa dela jakitun, bertan probatzea erabaki du soraluzetarrak.
Aitor Atxotegik bikote ona izango du atzelari, Manex Balerdi antzuolarra, bolada onean dabilena, gainera. Biek ala biek eibartarrak izango dituzte aurkari, Ibon Ibarra (Soraluzen kadetetan ibilitakoa) eta Ander Agirresarobe.
Finalak Elgoibarren
Gaur hasiko den Debarroko Pilota Txapelketa, ekainera arte luzatuko da. Nagusien mailan sei herrik parte hartuko dute. Denok denen kontra jokatuko dute, bost partidu, eta gero finalerdiak jokatuko dituzte lehen bikoteak laugarrenaren kontra eta bigarren bikoteak hirugarrenaren kontra. Irabazten duenak finala jokatuko du Elgoibarren ekainaren 16an.
Nagusien mailan, Soraluze Pilota Elkartetik, Manex Balerdi eta Aitor Atxotegi lehiatuko dira. Beharrezkoa balitz, laguntzeko prest agertu da Mendizabal. Elkarteko Murua pilotaria, berriz, Gipuzkoako selekzioarekin dabil jokatzen eta torneo pribatu askotan, beraz, hark nekezago izango du parte hartzea.
Jubenilei dagokienez, hiru bikote lehiatuko dira Debarroko txapelketan. Kasu horretan, etxean zein kanpoan denok denon kontra jokatuko dute eta lehen biek finala jokatuko dute, Elgoibarren ekainaren 16an. Soraluzeko Pilota Elkartetik Eki Amuategik eta Mikel Caramanzanak jokatuko dute Debarroko txapelketa.