Asteburuan, hockey ligak Soraluze hartu zuen. Zapatuan goizez zein arratsaldez, ume-gazte-guraso mugimendu handia izan zen Araneko frontoian zein herrian. Azken batean, Soraluze hockey lerroko ligako infantilen egoitza izan zen lehen aldiz.
Horren ondorioz, zapatuan, Zaragozatik, Bilbotik, Ribabellosatik (Araba), Gasteiztik zein Bergaratik etorritako taldeek zortzi partida jokatu zituzten, tartean, noski, Soraluzeko Marras ere izan zen. Etxekoek bi partida jokatu zituzten; goizekoa galdu egin zuten, baina arratsaldekoa irabazi, eta zelan gainera.
Launa berdinduta, luzapenera
Marrasekoak gogotsu kantxaratu ziren eta nahiko laster lehen gola egin zuten. Horrek poza eta indarra eman eta bigarrena ere egin zuten etxekoek. Hortxe ikusi zuten aukera Zaragozako taldeari irabazteko, Iraitz Ibarzabal entrenatzaileak azpimarratu zuen moduan, “ez da batere erraza izaten gola egitea, ezta ere aurretik jartzea eta gaur, etxean jokatzen dugu. Gaur ez bada, ez dugu beste aukerarik izango talde honi irabazteko”.
Hala ere, sufritu zuten etxekoek, jokalariekin batera ikusleek. Bina berdindu zieten Zaragozakoek, gero aurretik ere jarri ziren haiek baina hori ere gainditu zuten Marrasekoek, gurasoen sinistu! deiadarra barneratu eta azkenean launako berdinketarekin bukatuko zen partidaren arauzko denbora.
Ordurako, Infantilen taldea neka-neka eginda zegoen. Partida ordubetez luzatuta zebilen, dena eman zuten han eta gainera luzapena zuten aurrez aurre. Baina, Ibarzabalen esanei segi eta garaipena emango zien luzapeneko lehen gola eurek egin zuten. Orduan bai, pozak eztanda egin zuen. Zapatuko garaipenari esker, orain, soraluzetarrek hirugarren postua euren eskura dute, maiatzaren 4an duten partida irabaziz gero.
Espainiarako ligarako sarbidea
Bestalde, kirol emaitzekin segituz, Ibarzabalek jakinarazi duenez, Senior emakumezkoen taldeak zein Infantilen taldeak lortu dute Espainiarako ligarako sarbidea, asteburu beteko torneoa jokatzeko Katalunia, Galiza, Gaztela-Leon eta beste hainbat erkidegorekin lehian (Sectorial norte), nazioarteko ligan egoteko. Maiatzean jokatuko dute asteburuko lehia hori, baina oraindik ez dizkiete datak zehaztu.
Kontuak kontu, asteburuko torneo horretan aurrera eginez gero, 2024-2025ean Espainiako Ligan egongo lirateke Marraseko taldeak, Emakumezkoekin Zilarrezko Liga Nazionalean eta Infantilekin Urrezko Liga Nazionalean.
Hurrengo hitzorduak
Soraluzen izango diren hurrengo hockey hitzorduei dagoekienez, berriz, Infantilak etxean ikusteko hurrengo aukera ekainean izango da; laster zehaztuko diete dta.
Dena den, haiek baino lehen, maiatzaren 5ean, domeka, Soraluze benjamimen egoitza izango da.
Guztien inplikazioa
Pasa berri den asteburu honetako esperientziari dagokionez, berriz, Marras Irristaketa Taldeak “balioan jarri” nahi izan du “Marrasen bueltako gurasoek eta jokalariek izan duten inplikazioa Soraluze egoitza izateko (azpiegiturak muntatzen jardun zuten, eguneko bertako lanak egiten, tabernan lanean…); jendeak oso ondo erantzuten du eta poztekoa da herriaren eta taldearen alde tarte hori eskaintzea norbanako bakoitzak”, esan du Arrate Gisasola Marraseko presidenteak. Gaineratu du, hori bai, kanpotik jende asko izan dela, baina herriko jendea “gutxitxoago” gerturatu zela, “ea hurrengoan gehiago animatzen diren, partida politak ikusi dira asteburuan”, esan du.
Horrez aparte, aurreratu duenez, asmoa dute maiatzean txikienendako ate ireki moduko batzuk muntatzeko eta datorren ikasturtean ere egitasmoa indartsu joateko. “Zentzu horretan egoitza hemen izateak eta kirola herrian bistaratzeak halako ondorioak ekarri beharko lituzke eta proiektuarekin segitzeko gogoa ere bai”.