Uda ostean hasiko dira Gabolatsen zubi berria ipintzeko obrak

Ubane Madera Zangitu 2024ko api. 11a, 11:01

Atzoko osoko bilkuran jakinarazi zutenez, iraila-urrian hasiko dira Gabolatseko zubi berria ipintzeko obrak. Zortzi bat hilabeteko iraupena eta bi milioi euro inguruko inbertsioa izango dute obrek. Udal korporazioa osatzen duten alderdi guztiek aho batez onartu zuten proiektua exekutatu ahal izateko lankidetza hitzarmena sinatzea Uraren Euskal Agentziarekin, eta, azpiegitura berriak ekarriko dituen onurak azpimarratu zituzten.

Unai Larreategi alkateak azpimarratu zuenez, “notizia inportantea” da zubi berriaren proiektua aurrera joatea. Esan zuen obrek eragina izango dutela bai ibilgailuen zein pertsonen joan-etorrian, baina “trabatxo” horren ondoan, azpiegitura berriak ekarriko duen onura “nabarmena” dela gaineratu zuen.

Emandako azalpenetan, alkateak gogora ekarri zuen Uraren Euskal Agentzia konprometitu zela obra exekutatzera, baina behin zubi berria ipinita, haren ardura, zaintza eta mantenua Soraluzeko Udalaren eskuetara pasatuko dela.

Herritarrendako onurak eta beste

EAJ-PNVko bozeramale Iker Aldazabalek, berriz, gogora ekarri zuen aurreko agintaldian “egindako gestioari esker” datorrela proiektu inportante hori eta herritarrendako, ibaiarendako eta SAPA inguruko gune degradatuarendako oso onuragarria izango dela. 

Herritarrendako, zubi berria oraingoa baino zabalagoa izango delako eta ibilgailuendako zein oinezkoendako arku batez bereizitako pasabideak izango dituelako, segurtasuna bermatuz. Horrekin batera, zubiak izango duen inpaktu estetikoa ere nabarmendu zuen Aldazabalek, “ikuspegi modernista” eskainiko baitu.  

Baltegietako eremu degradatuari dagokionez, berriz, EAJko bozeramaleak azpimarratu zuen hura nabarmen eraldatuko duela zubi berriak zein SAPA eraikinaren zaharberritzeak. Eta azkenik, adierazi zuen ibaiarendako ere onuragarria dela, orain ibilguan traban dauden zubi txikiaren habeak ezabatu egingo direlako, zubi berria bueloan baitoa. Horrek uholde arriskua gutxituko duela ere esan zuen.

Azkenik, Patricia Borinaga sozialistak adierazi zuen proiektu horrek, SAPAkoarekin batera, herria hobetzen laguntzen duela eta eurek beti babestuko dituztela halako ekimenak. Gaineratu zuen, bestalde, ilogikoa litzatekeela aurreko agintaldian eurek bultzatu eta lortutako proiektu bati orain kontrako botoa ematea. 

Ibilgailuendako eta oinezkoendako 

Gabolatsen ipiniko duten zubi berria izango da 5 metro zabal pasa (oraingoak 3 metro ditu) eta horietatik 3 metro izango dira ibilgailuendako eta beste biak oinezkoendako. Halaber, bi esparru horiek bananduta egongo dira arku metaliko batekin eta zubia airean joango da alde batetik bestera, hau da, ez du ibaian zutaberik izango (gaur egungoak bi zutabe ditu).

Iazko martxoan aurkeztu zuten zubi berria eta azaroan jendaurrean jarri zuten proiektua. Behin Soraluzeko Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatuta, obrak lizitaziora aterako ditu, exekutatu ahal izateko. 

Erlazionatuak