URA Agentziak azaldu duenez, Gabolatseko zubi berriari esker, ufaletan ibaiko ur kopurua handitzea murriztu ahal izango da inguru horretan eta ibaian gorago. Zehazki, Gabolats zubia ordezkatuz, zubiaren eta Malmero presaren arteko tartean dauden etxebizitzak babestuko lituzke 50 urteko errepikatze-denborako ufaletatik (Soraluzerako zehaztutako defentsa-helburua).
Erakundeak prentsa ohar bitartez bidalitako azalpenen arabera, Deba ibaia oso eraldatuta dago Soraluzeko hiri-eremuaren barruan. Ibilgua bideratuta dago trazaduraren zatirik handienean, eta herriguneko eraikinak oso distantzia txikira daude, batzuetan ibaiertzarekiko inolako tarterik gabe. Egoera hori larriagotu egiten da ibilguan hainbat oztopo daudelako eta, ondorioz, ur-lamina hazarazten delako. Oztopo horiek hurrengo irudian dauden zubiak eta presa txikiek osatzen dituzte, URA Agentziaren esanetan.
URA Agentziak helarazitako datuen arabera, Soraluzeko (Gipuzkoa) herrigunea ES017-GIP-DEB-06 (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana, 2022-2027 ziklorako) Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) sartu da, bigarren mailan, Deba ibaia herrigunetik igarotzen den tartean. Urak har dezakeen azalera nahiko txikia bada ere, eremu osoan elementu kalteberak daude, batez ere etxebizitzak; beraz, aurreikus daitezkeen kalte estatistikoak esanguratsuak dira (1,6 M €/ urtean), baita eraginpean legokeen biztanleria ere (209 biztanle/urtean).