Atzo, aurreikusitakoa baino bazkide gutxiago bertaratu zen Kooperatibaren batzar nagusira. Baina bertaratu zirenek albiste on samarrak entzun zituzten. Izan ere, oro har, hobetu egin da Kooperatibaren egoera iaztik hona.
Atzoko batzarrean esplikatu zuten moduan, Kooperatibaren zenbakiek zein jardunak erakusten dute hori, saltokian aukera handiagoa eta prezio merkeagoak ipini zituztenetik, salmentak zein erosleek gora egin baitute.
Aldaketak saltokian eta lan-taldean
Halaber, jakinarazi zuten bestelako zenbait aldaketa ere egin dituztela. Adibidez, alor textilean produktu eta marka berriak ekarri dituzte, beste produktu batzuk merketu eta beherapenak egin.
Aldaketak egin dituzte, baita lan-taldean ere. Mila Morok eta Isabel Aristik erretiroa hartu dute; lehenaren lekua bete du Lara Ballesterosek eta bigarrenarena ez dute bete ekonomikoki ez delako posible.
Jakinarazi zutenez, kooperatibaren egoera ekonomikoa aintzat hartuta, Sebalek zein Morok uko egin diete tokatzen zaien kalte-ordaina jasotzeari eta horri esker, txarkuteria alorrean aditu bat kontratatu ahal izan dute. Gaineratutakoaren arabera, hark zenbait aldaketa egin ditu txarkuterian eta bezeroak nahiko pozik daude emaitzarekin.
Galerak gutxitu
Zenbakiei dagokienez, berriz, galerekin amaitu dute urtea, baina aurreko aldian 48.000 euroko galerak izan ondoren, oraingoan, 29.000koak izan dituzte eta hori modu positiboan baloratu zuten.
Dena den, azpimarratu zuten oraindik goizegi dela zer gertatuko den ikusteko eta Kooperatiban erosten segitu beharra dagoela berretsi zuten, oraindik egoera “larria” baita.
Bestalde, Kontseilu Zaindaria berritzeko egindako bozketari dagokionez, jakinarazi zuten honako hiru lagunek eskuratu zituztela boto gehien: Enara Gallastegik, Einer Ostolazak eta Oihana Uribek.
Bonu zozketa
Bilera amaitu aurretik, ikusleen artean zegoen bazkideetako batek eskerron publikoa helarazi zien Mila Morori zein Ana Sebali kalte-ordainekin egindakoarengatik. Segidan, 25 euroko 10 bonu zozkatu zituzten bertaratutakoen artean.