Gaur, astelehena, udaberriko oporren ondorengo lehen elkarretaratzea egin dute Plaza Berrian, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. 45 bat lagunek parte hartu du protestan eta batik bat, apirilaren 21ean izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira jarri dituzte indarrak.
Hilean, 783,3 euro
“Hauteskunde atarian gaude eta mugimendua behar da”, azpimarratu dute, berretsiz borrokan jarraituko dutela gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadin lortzeko. Datuak emanez, azpimarratu dute “une honetan 65 urtetik gorako pentsiodun erretiratu baten kotizaziopeko gutxieneko pentsioa, ezkontidea ardurapean ez duena, hilean 783,3 eurokoa” dela (10.966,2 euro urtean).
Espainiako Estatuko datuak ere helarazi dituzte esateko 2,14 milioi pentsiodunek jasotzen dituztela gutxieneko pentsioak.
Hala ere, gaur jakinarazi dutenez, Elma Saiz Segurtasun Sozialeko ministroak adierazi du “hurrengo urteetarako gutxieneko pentsioak eguneratzeko bere irizpidea ez dela izango Europako Gutun Sozialak pentsioei eta LGSari Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari buruz emandako gomendioak erreferentziatzat hartzea, baizik eta pobreziaren kontzeptuan oinarritutako zenbateko bati buruzko estimazio bat, duintasun minimo batekin bizitzeko aukera emango duen gutxieneko pentsio baten oso azpitik egongo den zenbatekoa”.
Aurrekontuak luzatu
Pentsiodunen mugimenduaren ustez, berriz, “ez dago aitzakiarik oinarrizko eskari hori ez onartzeko; beraz, mobilizatzen eta atzerapen gehiagorik gabe gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzeko eskatzen jarraitu behar” dela, azpimarratu dute. Are gehiago jakin ondoren Estatuko aurrekontuak luzatu egin direla; izan ere, uste dute “aurrekontuak ez onartzeak zalantzan jar ditzakeela aurreikusitako igoera batzuk eta pentsioetan dagoen genero-arrakala izugarria (%30 baino gehiago) betikotzen jarraituko duela”.
Ildo beretik, gogora ekarri dute apirilaren 12an prentsaurrekoa egingo dutela eta apirilaren 18an, berriz, manifestazioa Gasteizen eta bietan parte hartzeko gonbita egin dute gaurko elkarretaratzean eta hura amaitzean, zenbait herritarrek eman dute dagoeneko izena bertaratzeko.