Oreka Art Gallery

Denborari eta argiari buruz berba egiten duten eskulturak ikusgai, Oreka Art galerian

Ubane Madera Zangitu 2024ko api. 7a, 09:01

Burdina oinarri hartuta, “poetizatutako matematika eta fisika esentzialak” bidaide dituela, espazio eskultorikoak sortu eta espazio horiek zeharkatzeko argiak behar duen denbora, horixe kontatzen dute Jose Carlos Balanza artistaren eskulturek. Barikuan inauguratu zuten El tiempo, la luz y un abrojo izeneko erakusketa Oreka Art galerian. Burdinazko eskultura horiekin batera, eskultura planoak, grabatu batzuk eta egurrezko eskultura bat ere jarri ditu ikusgai Logroñoko artistak. Hilaren amaierara arte izango da erakusketa ikusgai.

Arteak berezkoa duen originaltasunari Oreka Art galerian ikusgai dauden eskulturen izenburuen originaltasuna gehitu behar zaio El tiempo, la luz y un abrojo erakusketari. Jose Carlos Balanza artistak esplikatu zuenez, eskulturetan sortutako espazioak zeharkatzeko argiak behar duen denborak ematen dio izenburua artelan bakoitzari, “titulu zehatza”, kontzeptualki, eskulturak egiteko erabili dituen neurriak perfektuak baitira. Adibide moduan, 0,0000001734890548072 Sg luz da izenburuetako bat.

Azken batean, matematika eta fisika esentzialak erabilita sortu ditu Balanzak bere eskulturak, beti ere, haiek poetizatuta: “Argi-denbora horiek aurkitzeko, eskulturaren dimentsioak (bolumena) eta pisua burdinaren dentsitatearekin (7,87 kilogramo dezimetro kubikoko) lotzen ditut, eta produktu hori argiarekin eta haren konstantearekin (300.000 km/s, argiaren abiadura), artearen poetikatik interpretatu, formulen bidez (d = m/v) eta (v = e/t). Argi-denbora horiek bakarrak, zehatzak eta desberdinak dira Argi-denbora izeneko sorta osatzen duten eskultura bakoitzerako”.

Oro har, “denborari eta argiari buruz berba egiten dute” Balanzaren eskulturek, “eskulturaren teorizazio moduko bat” eginez, esplikatu zuen Logroñoko artistak inaugurazio ekitaldian, barikuan. Hark gaineratu zuenez, “artelan batek gaitasuna du komunikaziorako espazio bat transmititzeko. Hori da nik eskultura hauekin lortu nahi nuena”.

Burdinazko eskulturekin batera, ikusgai daude 1999an hasi zuen obra baten hainbat grabatu Infinitos izenburukoak, baita eskultura planoak eta baita egurrezko beste eskultura bat ere, azken hori, Lo asumido izenburua duena, 1989koa da, artistak, batik bat, egurrean lan egiten zuenekoa.

Oreka Arteko El tiempo, la luz y un abrojo erakusketa hilaren amaierara arte izango da ikusgai, ohi denez, astelehenetik barikura, 19:00eatik 20:00etara.