Itzuliaren 63. edizioa jokatzen ari da Euskal Herrian apirilaren 2tik eta hilaren 6an Soraluzetik pasako den etapa izango da azkena.
Eibar-Eibar ibilbideak berez "klasiko" titulua duen arren, iaz bezala, hirigunean bukatuko da, eta ez Arrateko helmuga klasikoan. Hala ere, bertatik pasako da Soraluze zeharkatu ostean, Krabelin mendateko igoeran. Azken hau, maldatsuena izan arren, ez da bakarra izango: Azurki, Gorla, Trabakua, Izua eta Urkaregi mendatei aurre egin beharko diete txirrindulariek, seigarren eta azken etapa gogor honetan. Jarraian etaparen profila:
60. kilometroan, ibilbidearen erdialdera, Soraluzera ailegatuko dira: Itzuliaren estimazio ofizialen arabera, 15:30ean ekingo diote sahiesbidearen igoerari, Carmelo Mendizabal aldetik. Dena den, beti bezala, aurretik gerturatzea gomendatzen diete ikusleei; berdin zuzeneko irratsaio edo telebistako emisioa jarraitzen dihardutenei, seinaleok izan ohi duten atzerapenagatik.
100 urte
1924an lehenengo aldiz jokatua, mendeurrena ospatzen du Euskal Herriko Itzuliak aurten.
Gran Premio Excelsior izenarekin sortu zen eta ez zuen Eibarko etapa klasikoa izan bertako txirrindulari elkarteak sortutako Eibarko Bizikletarekin bat egin zuen arte, 1969an. Bateratzeak ez zuen luze iraun, ordea: bost urte eskas; eta, ordutik, bananduta jarraitu zuten urte luzez. Bitartean, Eibarko Bizikletari Arrateko Igoera batu zitzaion, eta Euskal Bizikleta izena hartu zuen.
2009tik gaurdaino, itzuli bateratua dugu berriz ere Euskal Herrian.
Bideoan Euskal Bizikleta Soraluzeko saihesbidetik pasatzen, hogeita hamar urte atzera: