Euskal Herriko Itzulia 2024

Mina da mendate zailena...

Andoni Urbistondo 2024ko api. 3a, 18:32

Quentin Hermans garaipena ospatzen gaur, Altsasuko helmugan. Iturria: Itzulia.eus

Esprintean erabaki da Altsasuko etapa, eta Quentin Hermans-ek irabazi du Alex Aranburu menderatuta; Roglic eta Ayuso erori egin dira, eta denborarik galdu ez badute ere, komeriak izan ditzakete bihar onenen arrastoan mantentzeko.

Erorketak, eta erorketek uzten dituzten ondorioak, oinazeak izaten dira txirrindularien aurkari nagusiak. Mendate gogorrenak edo eguraldi zitalena baino aurkari gogorragoak. Altsasura bidean Primoz Roglic eta Juan Ayuso izan dira kaltetuenak, eta ikuskizun da biharko etapari begira nola egongo diren. Ziklistak beraiek esaten baitute, erorketa baten ondoren gorputzak bere indar guztia zauriak sendatzera bideratzen duela, likido pilaketa egoten dela, eta horrek errendimendua nabarmen apal dezakeela, dagoeneko muga-mugan dauden gorputzengan.

Roglic helmugatik 40 kilometrora jausi da, Olaberria igotzen hasi aurretik, eta muturreko handi samarra hartu du. Kolpe handi samarra izan da, eta erdi zorabiatuta sumatu zaion hasieran esloveniarrari. Kostata jarri da martxan, eta gero ikusi da eskuinaldean zauri eta odol arrastoak dituela. Bi minutu eta erdi galdu ditu, martxan jarri denerako, baina tropelak, lege onez, liderra errespetatu du, eta ez du erritmorik bizitu, Roglic talde nagusira itzuli den arte. Juan Ayuso ere jausi egin da, helmugatik bi kilometrora, eta makurtu antzean helmugaratu da. Erorketa azken hiru kilometroen segurtasun eremuan izan da, eta ez du denborarik galdu. Gauzak normal, bi oilarrek zailtasunak izan beharko lituzkete biharko etapa gaiztoan.

Liderraren erorketak erabat baldintzatu du lasterketa, Olaberrian eta Lizarrustin gora ez baita triskantza handirik egon. Espero baina talde handiagoa iritsi da Altsasura, eta bertan Quentin Hermans Alpecingoa nagusitu da, Zambanini eta Alex Aranburu menderatuta. Eguneko ihesaldiak lau minutuko errenta ireki du, baina tropelak kontrolpean izan du uneoro ehiztarien jarduna. World Tour probetan garesti dago ihesaldia, eta indartsuenak ez daude oparitzeko.

Bihar laugarren etapa korrituko da. 160 kilometro Etxarri-Aranatz eta Legutio artean. Lehen erdia aproposa da ihesaldia sortzeko, Opakua 2. mailako mendatearekin. Ondoren Arabako Lautada zeharkatuko du tropelak, eta Oleta igota Aramaiora jaitsi, Untzillarik Gipuzkoan, Aretxabaletan sartzeko. Ondoren Leintz-Gatzaga malkarra igoko dute, eta ordurako festak hasi ez badira, bertan hasiko dira. Bukaerako hiru mendateak bihurriak dira, zitalak, eta jaitsierak ere gaiztoak. Vingegaard-en eraso on bat ikusteko osagai guztiak ditu Legutioko bukaerak.