Hockey egoitza ofiziala izango da Soraluze apiriletik aurrera

Ander Gomez 2024ko api. 3a, 09:33

Marras Irristaketa Taldeko jokalariak kiroldegian entrenatzen.

Apirilaren 13an (zapatua) hockey lerroko infantilen egoitza izango da Soraluze lehen aldiz. Arane kiroldegian jasoko ditu Marrasek inguruko hockey taldeak eta bertan jokatuko dira jardunaldiko partida guztiak.

Marras Irristaketa Taldeko lehendakari Arrate Gisasolak adierazi duenez, "aurrerapauso esanguratsua" eman dute 2019tik hona: kategoria bakarrean egotetik, bostean jokatzera pasa dira; eta "lan askorekin eta Udalaren laguntzaz" infantil federatuko egoitza izateko beharrezko diren material eta hesiekin egokitzea lortu dute Araneko frontoia.

Zein zailtasun topatu dituzue taldea eratzeko eta zabaltzeko bidean?

Kirol minoritarioa izanda, urte hauetan egin behar izan dugun lana ikaragarria izan da. Ez da erraza herri txiki batean horrelako kirol bati eustea eta, momentuz, lortu dugu! 

Horretan, igandero kiroldegian egiten diren irristaketa saio irekiak lagungarri izan dira eta izango dira: gure "harrobia" izan daitekeela esango nuke (barre), gune garrantzitsua oso.

Taldea bezala, zerotik hasi dira jokalariak ere… Nolakoa izan da ibilbidea emaitza aldetik?

Partida gutxi batzuk irabazita heldu gara honaino. Baina, aurten, emaitzak askoz positiboagoak izan dira: talde askoren aurrean parez pare aritu gara eta irabazitako partidak ere izan dira batzuk. Nabarmena izan da hobekuntza eta oso pozik gaude.

Jokalarien hobekuntza horren atzean, irakasle onak ere egongo dira, ezta?

Bai. Jokalarien meritu propioaz aparte, buru-belarri izan ditugu Iraitz Ibarzabal eta Julian Fernandez entrenatzaile lanetan hasiera hasieratik, jokalariei erakusten eta bidean beraiek ere formatzen. Arlo tekniko hori gabe ez ginateke ezer.

Nola aldatu da herritarren erantzuna taldearen sorreratik hona?

Hasieran harrituta jaso zuten berria; “Soraluzen hockey talde bat dagoela? (Barreak) Plaentxian bakarrik gertatu leike hori!”. Orain, herritarren babesa eta interesa sentitzen dugu batez ere. Baina noizbehinka badago kexa, duda edo komentario negatiborik, noski; gehien bat gazteek daramatzaten “traste guztien” edo “desplazamendu luzeegien” harira.

...eta hala da?

Bai eta ez. Maleta handiekin atzera eta aurrera dabiltza, egia da; eta ez da gauzarik erosoena, baina "gustuko lekuan, aldaparik ez!". Gainera, materiala zaindu behar izateak, babes guztiak prest eduki beharrak… hori guztia ardura eta autonomia lantzeko irakasgai ederra da eurentzat.

Desplazamenduen inguruan, esan beharra dago gure lehiaketak ez direla ohiko kiroletakoak moduan: Egoitza bakarrean jokatzen dira jardunaldiko partida denak, hilean behin normalean. Ez da hainbesterako! Gainera, taldeen arteko harremana asko sustatzen du honek.

Gasteizera edo Bilbora zoazte gehien bat; ez dago oso urrun ere, baina, ez al dago beste talderik inguruan?

Debabarreneko hockey talde bakarra da Marras, eta Gipuzkoa mailan bi talde bakarrik daude hockey lerro modalitatean: Bergarako Burdinola eta Soraluzeko Marras.

Hala eta guztiz ere, emakumezkoen taldea izatea lortu duzue, herriko kirol eskaintzen artean bakarra.

Bai. Gurean bost taldetatik lau mistoak dira eta senior taldea (nagusiena) da emakumezkoena. Guretzat emakumeen erreferente izatea helburu garbia izan da urteotan; Soraluzeko neskentzat kirolera gerturatzeko, kirolean aritzeko, aukera erreala izatea. 

Bestalde, ohiko pilota eta futbola bezalako “kirol handiez” aparteko eskaintza izan nahi dugu mutilentzat ere.

Aurrera begira Marrasen izena presente edukiko dugu herrian, beraz. 

Bai. Jarraitzeko gogorik ez da falta behintzat! Hori bai, familien eta herritarren inplikazioa mantentzea behar-beharrezkoa izango da; antolaketa lanetan aurrera egiteko, kirol mailan handitzen jarraitzeko eta ekonomikoki ere erantzun ahal izateko. Gure helburua da Soraluzera gure kirol hau gehiago gerturatzea; herritarrek gozatzeko aukera izatea eta herrian saltsa sortzea.

Apirileko Soraluzeko hitzorduaren zain egongo gara ba; baina, bitartean, bestelakorik?

Infantil eta emakumeek aurten Espainiako liga jokatzeko lehian aurre-kanporaketa jokatuko dituzte. Emakumezkoen data zehazteke dago oraindik, baina infantilek larunbat honetan bertan jokatuko dute Olaraben (Gasteiz), Bilboko Metropolitano taldearen aurka.

Ezkerretik eskumara Irene Agirre, Amets Alberdi eta Enara Garitano; goian, Ane Bastardo.

Zer nabarmenduko zenuke Marrasetik?

IRENE AGIRRE AURRELARIA
Oso talde bateratua osatzen dugula. Gutako batzuk kuadrillakoak gara, bai, baina hori hemen "borratu" egiten da. Pistara irteten garen bakoitzean kideak gara, Marraseko kideak.


ANE BASTARDO ATEZAINA
Gehien gustatzen zaidana egoitza batera joan eta bizpahiru partidu jokatzea da. Nekeza da, baina besteengandik ikasteko eta lagunak egiteko aukera bikaina denez, merezi du.


ENARA GARITANO AURRELARIA
Patinatzea gustuko dut berez, eta horri makila eta pastillarekin golak sartzeko dinamika gehitzea probatu nuenean txundituta gelditu nintzen. Hegan egitearen sentsaziotik gertu dagoela esango nuke.


AMETS ALBERDI DEFENTSA
Guraso eta lagun, guztiok batera taldea aurrera ateratzeko egiten dugun esfortzua baloratzen dut nik; eta, batez ere, Iraitzi (entrenatzaileari) eskertuko nioke eskaintzen digun laguntza eta denbora guzti hori.