Euskal Herriko Itzulia 2024

Kaosean irautea, txarra ez

Andoni Urbistondo 2024ko api. 2a, 20:45

Paul Lapeira esprintean helmugaratzen. Iturria: Itzulia.eus

Paul Lapeira 24 urteko gazte frantziarrak irabazi du Kanboko esprinta; arriskutsua izan da etapako azken herena, euria, zorua bustita, tentsioa eta erorketa arriskutsu batzuekin.

Hotelerako bidea gustura hartuko dute gaur txirrindulariek. Irun eta Kanbo arteko etapak mendate puntuagarri bakarra zeukan, baina dozenaka muino gaizto, errepide bihurri eta bihurgune gaizto. Azken kilometroetan tentsio handia egon da, tarteko helmuga bateko gainsariak lortzeko, eta helmugako esprintari begira kokapen egokia lortzeko. Denak kabitu ezin, eta kaosean erori gabe, moztuta ez geratzea arrakasta handia izan da.

Geratu baitira, batzuk. Jay Vine, adibidez eta Ion Izagirre, onenen tropeletik aparte helmugan. Tao Geogehan Hart britainiarra bezala, erori egin da Ormaiztegikoa, eta agur esan diote biek itzuliari. Ur nahasietan hiru segundo arrantzatu ditu Juan Ayuso espainiarrak, tarteko helmugan, eta Roglicengandik 14 segundora geratu. Arrantza oparoena, baina, Paul Lapeira esprinter frantziarrak lortu du. 24 urterekin, bere kirol ibilbide laburreko garaipen garrantzitsuena lortu du Decatlon taldekoak, Battistela eta Vervaeke menderatuz. Tropela hamaika zatitan hautsita helmugaratu da Kanbon, etapa hondarrean izan den gogortasunaren seinale.

Bihar tentsio gutxixeago egotea espero da, Olaberriak eta Lizarrustik galbahe handiagoa egingo dutelako tropelean. Ezpeletan hasiko da, eta Altsasun bukatu. Etapa luzea da, 190 kilometro, eta etapa ehiztarientzat aproposa da, etapako une erabakigarrira iritsi bitarte non saiatu sobera baitago: Otsondo igoko da etapa hasi eta berehala, Basakabi gero, Uitzi, Zuarrarrate, eta Gipuzkoan Otzaurtetik sartu ostean, Olaberria eta Lizarrusti, Etxarritik Altsasuraino iristeko. Ehiztariek edo oilarrek, nortzuk irabaziko dute? Momentuz  erantzunik ez daukan galdera da hori.