Euskal Herriko Itzulia 2024

Oilarrak beti oilar

Andoni Urbistondo 2024ko api. 1a, 18:31

Primoz Roglic gaur, Iruneko etapan. Iturria: Itzulia.eus.

Kaos handi samarra izan da Irungo erlojupekoan, eta Roglic garaileak uzta polita lortu du aurkariekiko.

Haizeak Tom Pidcock bidali du erietxera. Roglic bidez nahastu da helmugatik gertu, eta Remco Evenepoel lurrera jausi da hasi eta berehala. Kaosa. Nahikoa ez eta etapa bukaeran zaparrada latza bota du Irunen.  Faboritoek bazekiten hala gerta zitekeela, eta horregatik abiatu dira etapa hasieran.

Roglic izan da garailea kaisean, helmugatik gertu zegoen bidegurutzean nahastu eta 8-10 segundo galduta ere. Ezustea eman du esloveniarrak, eta jakin ezinik geratuko gara Remco abiatu eta berehala erori izan ez balitz zer gertatuko zen. Belgikarrak 11 segundo eman ditu helmugan. 4 gutxiago bigarren sailkatuak, Jay Vine-ek, 7 segundo, eta 10 Skjelmosek. Vingegaard faborito nagusiak 15 segundo galdu ditu 

Balioan jarri behar da Roglicen garaipena, ez baitzen espero hain sasoi puntu ona erakustea. Itzulian podiuma lortzeko hautagai sendoa bilakatu da, baina Top 3a egitea eta irabaztea ezberdina da, eta Vingegaard-ek segitzen du faborito nagusi izaten.

Biharko etapak Irun eta Kanbo arteko bidea egingo du. Santinazio da mendate puntuagarri bakarra,  baina muino bihurri asko daude. Etapa kontrolatzea ez da erraza izango, baina 50 bat laguneko taldearen esprinta espero da.