Euskal Herriko Itzulia 2024

Itzulia, nazioarteko txirrindularitzaren aste nagusia Plaentxia.eus-en

Erredakzioa 2024ko api. 1a, 13:22

Gaur hasi da Euskal Herriko Itzulia eta zapatuan, seigarren eta azken etapan, Soraluzetik igaroko da, saihesbidetik. Bestela ere, kilometro gutxira, gainontzeko etapak ikusteko eta txirrindularitzaz gozatzeko aukera izango da.

Datozen egunetan, Plaentxia.eus atariak Andoni Urbistondo kirol kazetariaren kronikak argitaratuko ditu etapa bakoitzaren ostean, Aiurri komunikabideari eta Tokikomi esker. Barruan duzue aurtengo ibilbidearen gaineko informazioa.

Ibilbidea hauxe da:

Lehen etapa. Apirilak 1, astelehena

Erlojupeko bat ere bada, lehen etapan, Irunen. 10 kilometro hirian barrena, eta aldapatxo pare batekin. 15-20 segundoko aldeak egongo dira, asko jota, oilarren artean. Ezer ez, ondorengo etapetan ikusiko diren diferentziak gogoan.

Bigarren etapa. Apirilak 2, asteartea

Bigarren etapak Ipar Euskal Herrian egingo du ibilbide osoa ia-ia. Irundik atera eta berehala barneratuko da tropela Lapurdiko lurretan, eta Behe Nafarroako Irisarrin kiku txiki bat eginda, Lapurdira bueltatuko da etapa, Kanbon bukatzeko. Mendate puntuagarri bakarra dago, Santinazio, baina dozenaka muino, gero, etaparen kontrola zailtzeko. Etapa dirudiena baino gaiztoagoa izan liteke.

Hirugarren etapa. Apirilak 3, asteazkena

Hirugarren etapa, Kanbo-Altsasu, egokia da ihesaldietarako. Bigarren mailako Otxondo igoko dute etapa hasi eta berehala, eta bertan maila oneko ihesaldia osatuko da. Usategieta, Uitzi eta Zuarrarrate hirukoa etorriko dira gero, Gipuzkoara Otzaurtetik sartu eta helmuga harrapatu aurretik Olaberria eta Lizarrusti igotzeko. Ez dirudi onenen artean mina egin dezakeen etapa denik. 3. etapa denetan luzeena da, 190 kilometro.

Laugarren etapa. Apirilak 4, osteguna

Laugarrenak bai, egingo du galbahea, bukaera gaiztoa baitu oso: Etxarri Aranatz-Legutio. Sakana eta Arabako Lautadan barrena egingo dute bidea aurrena, Opakua igotzeko, eta ondoren 75 kilometro eroso Oletatik Debagoiena eskualdera sartzeko. Han Untzilla bihurria igoko dute aurrena, Aramaiotik: 2.3 kilometro luze eta %8.5eko batez besteko malkarra. Ugari dira %10a gainditzen duten maldatzarrak. Aretxabaleta aldera doan jaitsiera ere oso teknikoa da, eta ondoren, arnasa hartzeko tarterik gabe, Leintz-Gatzaga aldapari ekingo zaio, Marulandan barrena: beste hiru kilometro gaizto, %8.7ko batez besteko pendizarekin. %18ko horma bat ere badago, herria pasa eta kilometro erdira. Gainetik bederatzi kilometro eskas daude Legutioko helmugara.

Bosgarren etapa. Apirilak 5, ostirala

Bosgarren etapak Gasteiz izango du abiapuntu, eta Amorebieta-Etxanon bukatuko da. Urkiola gaiztoa igoko da 87. kilometroan, baina bertatik helmugara 90 kilometro luze geratuko dira. Zaila han tropela haustea. Muniketa eta Autzagane mendateetatik egingo den pasaera bikoitzak erabakiko du etapa garailea.

Seigarren etapa. Apirilak 6, larunbata

Itzulia Eibar-Eibar etapa klasikoarekin bukatuko da. Denetan zailena da, zalantzarik gabe, kilometroz laburra bada ere (137 baino ez). Profilak beldurra ematen du, eta ziklistak ez, errepideetan ahuntzak ibiliko direla esan genezake.

Zazpi mendate ditu denera etapak, eta pilatutako desnibela ere ikaragarria da hiru ordu pasatxoko ibilbidea izanen duen etapa laburrean: 3.200 metro. Hirugarren mailakoak dira Elkorrieta, Trabakua eta Urkaregi, eguneko azken aldapa. Bigarren mailakoa Gorla, eta lehen mailakoak beste hiruak: Azurki lehena, Gipuzkoako mendate gogorrenetakoa (5 kilometro eta %7.4ko batez bestekoa); Krabelin gero, Azurki baino tenteagoa (5 km., %9,5), eta Izua azkena (4.1 km., %9.2).