Nolakoa da zure jaioterria?
Ourenseko probintzian dago eta Rios udalerriaren barruan dauden berrogeitaka herrixken arteko bat da. Badago beste Cortegada bat ere, hiriburuari itsatsita dagoena baina gurea herrixka txiki bat da. Gaur egun, hogeita hamar biztanle ditu. Udan gehiago. Herritar asko etorri ziren Bilbora bizitzera eta orain etxea berritu dute eta udan hara bueltatzen dira.
Jende asko joan zen atzerrira bizitzera?
Bai, Galiziatik jende asko joan zen Brasilera, Mexikora eta baita Euskal Herrira edo Bartzelonara ere. Nire amona (amaren ama), adibidez, Brasilera joan zen eta ez zen bueltatu. Hango jende asko bizi da Ermuan eta inguru honetan.
Ez zuen ematen bizitzeko?
Ematen zuen bizirauteko, ez gehiagorako. Nire gurasoek bederatzi behi zituzten, ardiak, oiloak, sei txerri… Ardoa ere egiten genuen. Lurra astoarekin lantzen zuten. Aita astoarekin joaten zen generoa erostera, platanoak eta abar eta etxetik saltzen zituen. Gure familiak gaizki pasatu zuen. Amona alargun gelditu zen eta terratenienteari mailegua eskatu behar izan zioten etxea bi aldiz erre zelako. Gero hobetu zen egoera eta aitak kantina zabaldu zuen. Nik txiki-txikitatik ezagutu nuen tabernako giroa. Bertan izan genuen herriko lehen telebista.
Herrian galegoz berba egiten da?
Bai, dena. Han jendea moldatzen da gazteleraz, ez delako eskolatu. Nire gizonak ulertzen du, baina ez du berbarik egiten eta hara joan eta gazteleraz hasten denean, denak gazteleraz erantzuten ahalegintzen dira gaztelerazko berba batzuk sartuta.
Nolakoa da kultura galegoa?
Lana, lana, lana eta lana. Horixe da kultura galegoa eta guk ikasi duguna. Alde horretatik, antz handia du hemengo baserrietako bizimoduarekin. Beharbada, hemen lehenago erreminta gehiago egongo ziren, baina gainerakoan bizimodua berbera izan da. Aldatzen dena da hizkuntza.
Noiz atera zinen zure herritik?
Hamasei urte nituela atera nintzen eta anaiarengana etorri nintzen, Bilbora. Hasi nintzen administrari ikasketak egiten. Anaiak nahi zuen bere enpresan lan egitea, baina nik ez nuen nahi. Ikasketak laga eta arrebarengana joan nintzen bizitzera, Bilbon bertan. Interna lan egin nuen eta Galiziara bidaietan ezagutu nuen nire senarra. Ezkondu nintzen Tarragonan, han lan egiten zuelako eta handik Galiziara joan ginen, handik Ermura, nire senarra Ermukoa delako, handik Donostiara eta azkenik Soraluzera, senarraren loiba bat hemen bizi zelako. Hori izan zen duela hogeita lau urte eta ordutik hemen bizi naiz.
Zer botatzen duzu faltan?
Haurtzaroko oroitzapen onak datozkit. Lasaitasuna. Oporretan hara joaten naiz eta handik pilak kargatuta bueltatzen naiz. Hangoa da hemengo baserrietan moduan, jaisten zara beharra duzulako medikurako edo, baina goian zaudenean dena duzu. Orain, nire alaba bertan bizi da ume txikiarekin eta ume txikiak nahi duena egiten du han. Nire semea ere Merinen bizi da, herritik bost minutura. Haien hutsunea sumatzen dut. Gainontzean, nire ama hizkuntza galegoa da eta tabernan galegoz berba egiten dut galiziarrekin eta herritarren batekin ere bai, adibidez, Aitor Amorrekin.
Orain Herriko Etxea tabernaren kargu egin zara.
Bai, urtarrilean hartu nuen taberna. Osasun arazoak ditut besoan eta errekuperatu arte nahiago dut neure buruarentzat lan egin. Aukera nuen lanik egin gabe egoteko baina ni beti izan naiz ekonomikoki independentea eta lan egin behar dut ondo sentitzeko.
Zein da zure helburua?
Nik nahi dut hona mundu guztia etortzea eta gozatzea: pintxoak, giro ona, elkarrizketak, barreak… Niri giro ona gustatzen zait. Horrez gain, bazkari edo afariak ere eskaintzen ditut, aurrez enkargatuta, nik aukera izateko janaria erosteko herrian eta horrela kozinatu ahal izateko momentuan erositako generoarekin. Etxera eroateko janaria ere eskaintzen dut: olagarroa, tripakiak…