Amaia Muniaini bere azkeneko lanegunean egin zion elkarrizketa Plaentxia.eus atariak.
Oraingoan, berriz, Lourdes Letona Antia (Zumarraga, 1958) izango da berbalagun. Hark 16 urte eman ditu Soraluzeko anbulatorioan lanean. Azpeitian bizi da eta bitxikeria moduan, 6 urteotan Soraluzen mediku izan den Amaia Muniain izango da aurrerantzean Letonaren medikua, Muniain martxoaren 18tik han baita lanean.
Zelan iritsi zinen Soraluzera?
Azpeitian, Ataun-San Gregorion eta, besteak beste, Mendaroko anbulatorioan ibili nintzen lanean. Mendaroko plaza nahi nuen, baina han zegoen medikuarena zen; gero, Elgoibar zen lehen aukera, baina bigarren gelditu nintzen. Ingurua ezagutzen nuenez, Soraluze izan zen nire bigarren aukera. Hemen nagoenetik, aldatzeko aukera izan dut, baina erabaki nuen hemen erretiratuko nintzela.
Beti izan zara familia medikua?
Hori dut gustuko, zuzeneko harremana izatea.
Zelako gaixoak gara soraluzetarrak?
Ohituta daude berehala artatuak izaten. Beste leku batzuetan astebetera ematen dituzte txandak.
Badago ezaugarri berezirik Soraluzen?
Batik bat jende nagusia dago. Nik gustukoen dudana, geriatria egin nahi baitnuen.
Eta aldaketa nabarmenen bat?
Inmigrazioa. Migranteen kasuan, duten patologia izan daiteke herrimina dutelako, bakardadea... jakin behar da nondik datozen, nola bizi diren... Asko aldatu da, baita ere, medikuntza bera. Hasi ginenean, ez genuen kontsulta propiorik, 2,5 orduan kontsultorioan egon eta gero joan egin behar izaten ginen hurrengo medikuari lekua egiteko, eta, guardian egoten ginen, nahi genuen lekuan. Gero hasi ziren aurretiko hitzorduak, anbulatorio handiagoak, norberak bere kontsulta eta jardunaldi osoa; hau da, lehen arreta zerbitzua hasi zen, 1984-1985 inguruan.
Orain entzuten da Osakidetza gainbeheran dagoela; zer da aldatu beharrekoa ya?
Aspaldi aldatu behar zen, baina ez ziguten kasurik egin. Gure belaunaldian medikuak soberan geunden. Orain, berriz, ez dago medikurik.
Zergatik ez?
Asko erretiratzen ari gara eta ez dago mediku berririk.
Baina zergatik ez dago mediku berririk?
Oso plaza gutxi atera dituzte formatzeko eta oso nota altua behar da MIRean sartzeko; ondorioz, asko, mediku bokazioa izan arren, ezin dira MIRean sartu. Aldi berean, irteten diren medikuek lan baldintza erosoagoak -guardia bakoak..- dituzten espezialitateak nahiago dituzte, dermatologia bezalakoak.
Hortaz, zer egin?
MIRean sartzeko nota jaitsi, benetan familia mediku izan nahi dutenei ateak zabaldu eta behar den moduan tratatu eta zaindu.
16 urtean denetik pasatuko zitzaizun, baduzu gogoan gertakariren bat?
Oso pozgarria izan zen txupinazoa bota genuenean, Udalak aitortza hori egitea eskertzekoa da. Jendearengandik, berriz, eskerroneko keinu asko ditut -kontsulta marrazkiz beteta dauka, adibidez-.
Soraluzeko anbulatorioak zer du ona eta zer txarra?
Ona erdi-erdian dagoela eta onena bertako lantaldea. Txarra, oso txarto diseinatuta dagoela larrialdietarako. Igogailuan ez dira kamilak kabitzen eta botikina lehen solairuan dago. Arazoak izan ditugu bihotzekoak izan dituzten pazienteekin. Mila bider eskatu dugu beheko solairuan larrialdietarako espazioa egokitzea, hor dagoen biltegia erabilita. 16 urtean ez dugu lortu.
Zelako oroitzapenak eramango dituzu Soraluzetik?
Oso onak. Oso ondo hartu ninduten, jende oso jatorra dago, lana gustuko dut eta pena ematen dit joateak.
Azken gomendioren bat mediku bezala?
Prebentzioa da garrantzitsuena, bizi ohitura osasuntsuak izan, kirola egin eta frustrazioak ondo mediatizatzen jakin. Gaur egun, adibidez, bikotearekin apurtuz gero, asko gaixotu egiten dira, gehienak 30-50 urte bitartekoak. Bizitzan zailtasun eta arazo handiak izango ditugu. Arazoak bideratu behar dira zerbait normala bailiran eta ez gaixotasun bat, oso garrantzitsua da hori.