- Soraluzen, beraz, ez duzu plazarik?
- Ez, egon naiz interina modura. Aurretik Olaberrian, Villabonan eta hona etorri aurretik, Grosen ibili nintzen pare bat hilabete. Une honetan, Soraluzeko plaza ez da inorena. Batek hartu zuen orain dela pare bat urte, baina ez da inoiz hona inkorporatu, Elgoibarrera lekualdaketa eskatu zuen. Plaza bere izenean egon da, nik kubritu dut bitarte horretan. Berak traslado ofiziala eskatu zuen lehengo urtean, nik jarraitu dut hau kubritzen baina plaza hau ez da inorena. Plaza honek ez dauka jaberik oraintxe bertan.
- Plaza txarra da, ala?
- Ez, egia esan ez. Iaz egindako oposizioak erresolbitzen direnean aterako da hemengo plaza, pare bat urte-edo itxaron beharko da. Soraluzeko plazak ordutegi oso ona dauka, 15:00ak arte. Ni sei urtean egon naiz eta aukera izan dut hemendik mugitzeko, ez naiz mugitu gustura egon naizelako.
- Zeu pozik egongo zara Azpeitira joateko, ala?
Bai eta ez. Plaza berria, Azpeitikoa etxetik gertuago daukat. Gainera, noan tokira,ni bezala, lau mediku berri goaz, erretiro asko daudelako eta hori ere gustuko dut. Denok goaz baldintza berberetan. Ez da iguala eginda dagoen lantalde batera sartu edo lantalde berri batera joan; han denok zerotik hasiko gara eta aukera ona da talde polita egiteko. Baina pena ere ematen dit hemendik joateak. Hemen oso pozik egon naizelako, bai lankide aldetik eta baita paziente aldetik ere. Pazienteak dagoeneko ezagutzen ditut eta orain berriro ere zerotik hasi beharko naiz, baina…
- Zelako gaixoak gara soraluzetarrak?
- Denetik dago, leku guztietan moduan. Nik ez dut kexarik, oso pozik egon naiz. Akaso desberdintasun handiena da hemen kanpoko jende asko dagoela bestelako anbulatorio batzuekin konparatuta, Elgoibarrekin, adibidez.
- Horrek zailtasunen bat dakar?
- Hizkuntza aldetik zailagoa da; bestela arazorik ez.
- Zein oroitzapen eramango dituzu Soraluzetik?
- Oso politak. Gauza asko pasatzen dira sei urtean. Pandemiak hemen harrapatu ninduen eta sentimendu desberdin asko eragin zituen, baina orokorrean, politak. Etxean bezala sentitu izan nahiz. Eta lankide aldetik, oso ekipo ona dago hemen, konexio ona dugu eta hori niretzat gauza garrantzitsuenetakoa da.
- Zein dator zure ordez?
- Maialen Arregi bergarar gaztea, momentuz. Orain arte, Elgoibarren ibili da eta hona ere etorri izan da gu ordezkatzera, beraz, zerbait ezagutzen du hau. Etorriko da interina bezala.
- Joan aurretik, zerbait esango zenieke soraluzetarrei?
- Eskerrik asko denei eta egunen batean agian berriz ikusiko garela. Nork daki. Akaso han ez nago gustura eta traslado batekin bueltan naiz, trasladoak beti daude irekita. Baina espero dut noan lekura gustura egotea.
- Bitxikeria moduan, Lourdes Letonaren medikua izango zara?
- Ba bai.