Gaur, astelehena, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean gogora ekarri dute apirilaren 18an manifestazio nazionala izango dela Gasteizen. Hori eta apirilaren 12an egingo duten beste agerraldi bat iragarri dituzte, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira egingo duten kanpainaren baitan.
Manifestazioari dagokionez, Gasteizen egingo den mobilizaziora bertaratzearen garrantzia azpimarratu eta hara joateko deia egin dute Soraluzeko Pentsiodunen Mugimendutik. Esan dutenez, bertaratzeko autobusa ere izango da. Apuntatzeko Txarori esan behar zaio.
Apirilaren 12ko agerraldiari dagokionez, berriz, gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzea eskatzen zuen EHPMren mozioari babesa eman dioten Udalen berri emango dute.
"Ahalik eta epe laburrenean"
Gaurko elkarretaratzean esplikatu dutenez, bi mobilizazioen “helburu nagusia da 2024rako 1.080 euroko gutxieneko pentsioen osagarria defendatzeko beharra eta konpromisoa alderdi guztien agenda sozial eta politikoan jartzea (…) EHPMk lortu nahi duena da Legebiltzarreko gehiengo bat hurrengo hauteskundeetatik ateratzea konpromiso hori bere gain hartuz eta osatuko den hurrengo gobernuaren aurrean baliaraztea, ahalik eta eperik laburrenean aplika dezan”.