Jon Ugarte (basozaina): "Mendia apur bat abandonatu egin da eta ondorioz, hainbat espezie errekuperatu egin dira"

Ubane Madera Zangitu 2024ko mar. 29a, 09:01

Karakateko begiralekuan, Afrikatik etorri berri den aurtengo lehen sai zuria bistan duela egin du Jon Ugarte basozainak gure mendien, basoen eta animalien erradiografia detailez betea. Animalien argazkiak: Iñaki Oregi; Basozainaren argazkia: Fernan Oregi.

Zelakoa da gure mendien, basoen eta erreken osasuna? Azken urteotan zein izan da egon den aldaketarik nabarmenena?

Natura eta baso mundua beti doa aldatuz; graduala da prozesua. Euskal Herrian, aurreko mendeko industrializazioak aldaketa handia ekarri zuen. Baserria utzi eta kalera etorri ginenean, orduan zeuden soro edo zelai eta inguru asko bihurtu ziren pinu-sail. Egon zen momentu bat jendeak egiten zuena aldi berean fabrikan lan eta baserriko lanak eta baso-lanak, eta pinuak dirua ematen zuen; gaur egun ez du ematen horrenbeste eta azken urteetan etorri zaio puntilla, banda marroiarekin pinua sikatzen ari dira eta. Badirudi ziklo hori ere amaitzen ari dela. Landaketek ez dute ematen horrenbeste etekin, eta jendeak nahiago du aisialdiaz disfrutatu basoan lan egitea baino.

Zein ondorio ditu horrek mendietan?

Baserria laga eta gizartea urbanoagoa bihurtzean, mendia apur bat abandonatu egin da eta horrek faunako eta florako espezie askotan eragin positiboa izan du, hainbat errekuperatu egin dira. Lehen jendea mendian zegoen, ikazkinak bizi ziren, artzainak, baserritarrak… eta mendia "garbiago" zegoen. Animaliek ez zuten horrenbeste gordeleku eta gizakiaren presioa ere handia zen (pozoia, tiroa, lazoak, zepoak…). Orain dela 60 urte ia ez zegoen basurderik ez orkatzik, eta, orain dago beteta. Landareetan ere, berezko landaretza errekuperatu egin da, batzuk diote mendia "zikin" dagoela, sasiekin-eta dagoelako, baina hori aberastasuna da, prozesu naturala da, denborarekin baso bihurtuko dira. 

Klima aldaketa igartzen da gurean?

Basozain batentzat ez da erraza hori esatea. Horretarako ikerketa gehiago behar dira eta jende aditua. Natura beti doa aldatuz. Urteotan, basurdeak, orkatzak, saiak… asko ugaritu dira. Saiek orain dela 40 urte ez zuten kumatzen hemen, orain askok kumatzen dute. Migrazioak aldatu dira. Lehen hemen negua pasatzen ez zuten espezie batzuek orain hemen pasatzen dute, usoak udazkenean beranduago pasatzen dira, batzuk bertan bizi dira… Aldaketak beti egon dira. Badirudi orain, aldaketak azkarrago gertatzen direla eta zailagoa dela denontzat egokitzea (gizaki, animalia edo landare). Animalia askok kapazitatea izango dute egokitzeko eta beste batzuk gaizki pasatuko dute, desagertu egingo dira edo migratu egin beharko dute. Batzuk marjina handiagoa izango dute aldaketetara egokitzeko. Baina eremu kritikoetan bizi direnentzako -basamortuak, mendi puntak…- aldaketa txikiek eragin latzak izan ditzakete beraiengan eta desagertu daitezke. Badaude espezie batzuk hegoaldetik iparralderantz etorriko direnak, jada ari dira etortzen, moskito mota batzuk… Baina ez dakigu gauza horiek diren aldaketa klimatikoarengatik edo beste prozesu natural batzuengatik. Adibidez, kaioak. Haiek lehen ia bakarrik itsasoan zeuden, gero ikasi zuten zabortegietan jaten putreek moduan, eta, orain dela gutxira arte, Espainiako kaio populaziorik handiena Madrilen zegoen, hango zabortegian. Berdin ubarroiak, lehen kostan egoten ziren eta orain ikasi dute erreketan errekurtsoak dituztela. Gauzak asko aldatu dira. 

Zein dira aldaketa horien arriskurik handienak?

Ez gara konturatzen orain arte oso klima ona izan dugula, epela eta umela; muturrak ez ditugu sufritu. Aldaketa klimatikoa ekartzen ari dena da muturrekoagoak eta gogorragoak: sikute txarragoak, elurra egiten duenean fuerteago bota dezake, haizea ugaritu… azken hori, adibidez, baso landaketetarako arriskutsua da. Beste arrisku bat da suteena, haizeak sute txiki bat asko heda dezake, lehorte garaiak luzeagoak izaten dira eta mendiak sikuago daude eta sute arriskua gorantz doa. Oraindik orain, Gipuzkoa izango da Espainia denean sute gutxien duen eta eremu gutxien erretzen den gunea. Jende asko bizi gara, agudo detektatzen da sua, nahiko sarbide ona dugu, normalean agudo itzaltzen dira eta ondo doa, baina etorkizunean ez dakigu zer pasatuko den. Errekak, berriz, ematen duenez, ari dira pittin bat epeltzen. Amuarrainen eta beste arrain espezie batzuen populazioak poliki-poliki okertzen doaz. Mila faktore izan daitezke, kutsadura… baina bat izan daiteke tenperatura. Badira beste animalia batzuk, esaterako anfibioak, sentsibleagoak direnak, hezetasuna behar dute… baina basozain moduan ez naiz kapaz hori dena erantzuteko. Behar dira beste ikerketa batzuk. Landareen kasuan nahiko garbi ikusten da asko lehenago loratzen direla. 

Gure mendi-basoak hobeto ezagutu nahian, hiru arlotan banatuko ditugu, animaliak, landaredia eta ura. Gurean ze animalia da ugariena?

Hegaztiak, dibertsoenak ere badira. Nekazaritzarekin lotutakoak beherantz etorri dira, batez ere haziak jaten dituztenak (hegatxabalak, kalandriak), baina baita intsektujaleak ere (kulandrinak, artzandobiak). Ez bakarrik hemen, baita Espainia aldean ere, eperrak, galeperrak… estepako hegaztiak. Orain, belardiak uniformatu egin dira, espezie produktiboak ereinez eta ez dago lehengo landare dibertsitaterik. Baina basoarekin lotuta daudenak, berriz, asko ugaritu dira. Harrigarria dena da gure pinudietan zenbat hegaztik, batez ere harrapakarik kumatzen duten: zapelatzak, zuhaitz-belatzak, arrano txikiak (Plazentzian bertan eta Irukurutzeta-Karakateko pagadian eta solte dauden pinudietan), arrano liztor-jaleak, miru-beltzak eta miru-gorriak. Azken hori Euskal Herrian dago galzorian klasifikatuta baina Gipuzkoan gora doa eta hemen inguruan, Elgoibarren eta Bergaran, topatu ditugu kabiaren batzuk. Ez litzateke arraroa hemen ere egotea. Pinu beltzetan kumatzen du miru-gorriak. Bestalde, Europako miru-gorri asko, kumatzen dutenak Danimarkan, Alemanian, Suitzan eta lehen migrazioan pasatzen zirenak, orain geratu egiten dira hemen negua pasatzen eta batzuk ikasi dute leku ona dela hau, jatekoa badagoela, zizareak, karroina txikiak…

Hortaz, pinuak askok uste baino hobeak dira, ala?

Pinua arbola bat da eta arbolak onak dira, txarra dena da mendi osoa, espezie berarekin jostea. Baina zuk lagatzen badituzu pinudi zaharrak, ikusiko dugu hegazti asko bizi direla haiei esker. Okilak ugaritu dira asko eta okil beltza agertu da baita hemen ere. Burgostik eta Nafarroatik sartu zaigu, batez ere. Ikusi du pinuaren egur asko usteltzen ari dela eta zomorroak barruan dabiltzala. Egur hila oso inportantea da, han intsektu asko bizi dira eta animalia askok zomorroak jaten dituzte. Usoek ere berriro kumatzen dute hemen. Beleei ez zaie lehen bezain besteko egurrik ematen eta ugaritu egin dira. Korbido gehienak ugaritu dira, eskilarazoak, mikak, erroiak… Eta txori txikietan ere asko daude: birigarroak, zozoak, txepetxak, txontak, txantxangorriak… Hegaztietan dibertsifikazio handia dago. Leku epela da, janari asko dago, kostatik ere sartzen dira eta neguan Europa izozten denean kostaldera datoz jan bila, limoko hegaztiak edo zankaluzeak (oilagorrak, hegaberak, kuliskak, txirriak…). Euskal Herria hegaztietan leku aberatsa da.

Eta ugaztunak?

Horiek ere ugaritu egin dira. Basoa utzi egin da eta pagadiak, txilardiak, otadiak, narrak… gordelekuak eta janlekuak dira haientzat. Gainera, orain, bakean lagatzen zaie. Problema berriak dituzte, autoak harrapatuta hiltzen dira asko, (hegaztiekin antzera, horiek tendidu elektriko eta haize errotekin hiltzen dira)… kalte berriak daude, baina oro har, ugaritu egin dira. Mustelidoak dezente daude: lepazuria, lepahoria, azkonarra, katajineta… Normalean gauez ibiltzen dira eta tranpeoko kamerak ipintzen dituzunean denetik azaltzen da. Baina asko ugaritu direnak dira basurdea eta orkatza. Ugaztun horiek biak berezkoak ziren hemen, otsoa eta hartza ziren bezala, baina gizakiaren presioarekin desagertu egin ziren. Esango nuke orkatza Gipuzkoan desagertu egingo zela, baina basoa laga zenean, berriro ere etorri dira berez, Burgos aldetik. Basurdea ere neurri handi batean hortik sartu da. Otsoa zabaltzen dabilen moduan. Kantauriar mendikatea (Burgos-Palencia-Asturias, Kantabria) ugaztun askorendako gordeleku garrantzitsua izan da, adibidez, otsoarentzako eta hartzarentzako eta azken urteetan inguruko lurraldeetara zabaltzen ari dira. Baina gauza bitxiak ere gertatzen ari dira, adibidez, Pirinioetara otsoa Italiatik etorri da eta Arabara, berriz, urre koloreko txakala Balkanetatik. Azeriak, berriz, gorabeherak izaten ditu, sarna izaten du, urte batzuetan gogor jotzen dio eta jaitsi egiten da. Erbiak, berriz, gora egiten ari dira (Diputazioak, ehiztariekin batera, bertako erbiarekin birpopulatu egiten du), baita basakatuak, katamixarrak, muxarrak… kirikinoen kasua ez dakit, asko hiltzen dira kotxeak harrapatuta. Beste espezie bat, Europan galzorian dagoena eta baliteke galtzea, bisoi europarra da. Eta hori badago hemen. Erreka inguruetan nukleo inportantea dago Europa mailan, Errioxan, Araban, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan, nahiz eta oso populazio txikia izan.

Eta narrastiak?

Espezie desberdinak daude, muskerrak, sugeak, sugandilak… Eskulapio sugea da arruntena –horixka eta handia-. Sugegorria gutxiago dago, hori da dugunen artean pozoitsua den bakarra, baina oso haginkada kasu gutxi izaten dira. Orain, errespetu eta kontzientzia handiagoa dago eta sugeei bakean lagatzen zaie. Erreketan ere badaude. Suge gorbataduna eta suge leunak ere ohikoak dira eta erreketan uretako sugea ikusiko dugu. Hainbat anfibio espezie ere baditugu: zapoak, igelak, txantxikua, uhandreak, arrabioa… azken hori, horia eta beltza, ugaria pagadietan.

Ura aipatuta, gurean, zorionez, ur asko dago, ala?

Umedade handia dago. Euri asko egiten du, lehen gehiago, baina plubiometria ona dugu. Inportanteena da lurra babestea. Arazoetako bat da baso ustiapena. Lurra azalean lagatzen baduzu eta ez baduzu lana ondo egiten, eurite handi bat badator, urak joaten dira edozein lekutatik. Uholdeak hemen beti egon dira, baina ikusten da aldaketa klimatikoarekin fenomenoak gogorragoak direla, hortaz, izan ditzakegu euri-jasa handiagoak edo gehiago urtean zehar, beraz, behartuta gaude mendia hobeto zaintzera. Uholdeak eta lurra galtzea prozesu naturala da, suteak bezala, baina neurriak har daitezke ez izateko horren kaltegarria, horregatik mendian lurra zaindu egin behar da eta horregatik da horren inportantea baso ustiaketak txukun egitea, ondo hartzea urak eta mendi garbiketak txukun egitea, jausten den euri hori errekara poliki joateko, lurrak eta zuhaitzek xurgatu ondoren. Ez badago ondo hartuta, ura lurgainetik doa, zuzenean doa, lokatza eramaten du eta kalteak eragiten ditu. Bestalde, errekasto asko ditugu eta haien ondoan bizitasun handia dago landare eta fauna aldetik: erreka-karramarroak, anfibioak, narrastiak, arrainak…

Eta zelan dago gure ibaia?

Ibaiaren osasunak hobera egin du, asko baina pittin bat lo hartu dugu. Aldaketa handi bat izan zen orain dela 100 urteko industrializazioa. Fabrikak sortzea zen inportantea, etxe asko ibai ondoan eraiki ziren, saneamenduak hala-moduz egin ziren… Orain dela 40 urte lan handia egin zuten administraziotik, eta fabrikek eurek ere bai, errekak garbitzen. Kolektoreak jarri ziren, araztegiak… Industria ere aldatu egin da, lehen textil, papelera eta industria astun asko zegoen eta orain industria ez da horren kutsakorra, baina pittin bat lo hartu dugu. Oraindik badaude herri batzuk kolektorea ondo jarrita ez dutenak: Aramaiok, Elgetak eta Antzuolak, adibidez. Eta haien urak Plazentziara datoz. Bestalde, enpresa handiek izan ditzakete istripuak, baina ez da horren ohikoa, inbertitu egin dutelako horretan, baina enpresa ertainek eta tailer txiki askok ez daukate kapazitaterik inbertsioak egiteko, eta oraindik taladrina erabiltzen dute eta beste produktu batzuk isurtzen dituzte. Horrez aparte, obra oso handiak daude, lur mugimendu oso handiak dituztenak, autopistak, trena… eta nahitaez, euri-jasa handiak datozenean, horietatik erreketara eta ibaietara hondar asko doa. Lan handia dago egiteko oraindik. 

Beste zerbait nahi baduzu esan…

Gure mendiak gehiago maite eta zaindu behar ditugu. Orain, mendiaren erabilera publikoa asko handitu da. Ibiltzen, korrika, bizikletan, todo-terrenoan, zaldiak, parapentean, eskaladan, slackline egiten, argazkigintzan… jende asko dabil eta askotan botatzen dut faltan mendiaren erabiltzaile horiengandik mendiak hobe zaintzea eta ikusten bada zerbait ez dagoela ondo, ba horiek salatzea, adibidez, kea ikusten badute, motorrak mendian, errekaren bat zikin, baso ustiaketa bat oker eginda, animaliaren bat zaurituta… Diputaziora deituta, 112ra deituta edo herrian bertan jakinarazita, baina gauzak esan egin behar dira. Bestalde, baditugu landare inbaditzaile batzuk oraindik kontrolatzeko moduan daudenak, panpa-belarra, budlejak, falopia… Horiek lehenbailehen kendu behar dira eta orain da horretarako momentua. Beste espezie batzuk oso zailak dira kontrolatzeko, akaso ezinezkoak ere bai, baina beste batzuk oraindik kontrola ditzakegu eta hori egin beharra dago.