Domekan, 10:30erako hasi zen errugbi giroa Ezoziko futbol zelaian. Zelaia bitan banatu eta 13:00ak pasa arte, errugbi partidak jokatu zituzten etengabe, elkarren artean lehiatuz, elkar ezagutuz, eta, batez ere, ikasiz.
Topaketa amaitzean, errugbiko hirugarren denbora entzutetsua baliatu zuten ondo merezitako hamaiketakoa partitzeko bertaratutakoen artean eta lagun arteko giroan borobildu zuten eguna.
Domekako topaketaren ildo beretik beste bi topaketa egin dituzte azken lau hilabeteotan Soraluzen, SoraGazteak Rugby Taldearen eskutik. Lehena abenduan egin zuten, 13 eta 14 urtez azpikoen Gipuzkoako Errugbi Selekzioaren entrenamendu saioak. Otsailean, berriz, Gipuzkoako Emakumeen Selekzioko ordezkaritza izan zen eta joan den domekan, 10-12 urtez azpikoen txanda izan zen.