Kopurutan, jakinarazi zuten iazko ekainetik aurtengo martxora bitartean, 64.568 poltsa desegoki atera dituztela edukiontzi marroietatik eta 2022an eta 2023an, 129.973 euro erabili behar izan dituela edukiontzi marroietan desegoki agertzen diren poltsak ateratzeko.
Izan ere, gogora ekarri zuten "edukiontzi marroira biohondakinak ez diren hondakinak botatzen badira, edukiontzi guztia kutsatzen" dela eta ondorioz, ezin dela birziklatu. "Beraz, ingurumenari kalte egiteaz gain, eskualdearen ekonomian ere eragin negatiboa du hondakinak ez sailkatzeak", adierazi zuten.
Denetik nahastuta
Esan zutenez, egindako azterketetan ikusi dute edukiontzi marroian era desegokian agertu ohi direla ontzi arinak (horira bota behar dira), kartoia (urdinera bota behar dira), beira (berdera bota behar dira), pilak (pilen edukiontzira bota behar dira), eta beste.
Gogora ekarri zuten edukiontzi marroietara bakarrik janari hondarrak bota daitezkeela, beti poltsa konpostagarrietan, eta, horrela ez egiteak, ingurumenari kalte egiteaz gainera, eskualdeko ekonomiari ere kalte egiten diola.
Hori horrela, edukiontzi marroietan hondakin desegokiak azaltzea ekiditeko neurriak hartu eta hartuko dituela iragarri zuen Mankomunitateak. Gogora ekarri zuen aurten itxiko dituztela edukiontzi marroiak txip bitartez eta jakinarazi zuen hondakinak biltzeko ordenantza aldatuko duela laster, hondakinak behar bezala banatzen ez dituzten erabiltzaileei espedienteak irekitzeko.
Halaber, herritarrei eskaera zuzena egiten die hondakinak "gaika sailkatu ditzaten, eta hondakinen sailkapen egokia etxean landu dezaten".