Dena gertu Korrika hasteko

Egoitz Unamuno 2024ko mar. 13a, 10:04

Korrika batzordeko zenbait kide.

Bihar, eguena, 16:00etan, abiatuko da 23. Korrika Irundik eta hamar egun beranduago ailegatuko da lekukoa Baionara. Bihar, arratsaldeko 18:00etan, Korrikako petoak banatzeko ekitaldia egingo da Plaza Zaharreko karpan.  

Dena gertu dago 23. Korrika abiatu eta Harro Herri leloa Euskal Herri osoan zehar zabaltzeko. Soraluzen ere dena prest dago euskararen aldeko lasterketari ongi etorria emateko bereziki martxoaren 20an (ikus ibilbidea), Soraluzera ailegatuko den egunean (11:15ean), baina baita aurreko eta osteko egunetan ere, Korrika batzordean batu diren eragileek hainbat ekimen antolatu baitituzte Korrika kulturalaren egitaraua osatzeko (ikus egitaraua).

Hasierako ekitaldi sinbolikoa eta filma

Bihar, Korrikaren lehen egunean, arratsaldeko 18:00etan, ekitaldi sinbolikoa egingo da Plaza Zaharreko karpan, herrian antxitxika eg¡ngo duten talde eta erakundeetako ordezkariei (21) petoak banatzeko. Ekitaldiak irauten duen bitartean, salgai jarriko dituzte Korrikako petoak eta banderolak eta edozeinek eskuratu ahal izango ditu. Ondoren, arratsaldeko 19:00etan, Josu Martinez zinemagilearen Bizkarsoro filma proiektuko dute antzokian.  

Bestalde, bihartik aurrera, Korrikaren ibilbide osoa 24 orduz eta zuzenean ikusteko aukera izango da Plaentxia.eus-en, Korrikak Youtuberen bitartez zabalduko duen streaming emisioaren bitartez.