TEK Soraluze aurkeztu dute, herrian sortutako energiaren autokontsumoa bultzatzeko

Ubane Madera Zangitu 2024ko mar. 12a, 12:30

Atzo, astelehena, Soraluzeko Tokiko Energia Komunitatea (TEK Soraluze) aurkeztu zuten Herri Antzokian. Esplikatu zutenez, eratuta dago elkartea eta orain, herritarrei eta merkatari txikiei emango zaie bazkide egiteko aukera. Hasieran, 200-210 bat bazkiderendako lekua izango da; lehen bost urteetan ez du kosturik izango bazkide izateak eta batez beste, %20-%25eko aurrezpena izango da etxe bakoitzeko argindar fakturan. Atzo, 80 lagun pasa izan ziren antzokian.

Ekimenaren aurkezpenak interes handia eragin zuen. Aurkezpenean, lehenengo Unai Larreategi alkateak hartu zuen hitza eta ekimenaren aurrekariak azaldu zituen. Labur esanda, esplikatu zuen komunitate honek segida emango diola, energiarekin lotuta, Udalak orain arte emandako bestelako pausoei. 

Energiaren autokontsumo partekatua

Besteak beste, herriko hiru teilatutan, San Andresko frontoikoan, futbol zelaiko harmailetan eta Plaentxi Eskolan eguzki plakak jarri ditu Udalak Next Generation-eko dirulaguntzak baliatuta. 274.000 euroko laguntzekin 302 eguzki-plaka jarri dituzte -25-30 urteko biziraupena dute plakek-, eta, haiek 135 kW-ko potentzia sortuko dute. Orain, helburua da argindar hori herritarren artean banatzea, hau da, energiaren autokontsumo partekatua bultzatzea.

Horretarako eratu dute TEK Soraluze komunitatea. Bazkide fundatzaileak dira Soraluzeko Udala, Mesedeetako Egoitza eta Bizikale Merkatari Elkartea eta irabazi asmorik gabeko elkartea da. Orain hasi eta hurrengo bi hilabeteetan, herritarrei eta merkatariei emango zaie aukera komunitateko bazkide egiteko. Eta TEK Soraluzeren bitartez, eguzki-plakekin sortzen den energia bazkideei banatuko zaie. Bakoitzari 0,5 KW. 

Lehen bost urte kosturik gabe

Sistema horrekin, herrian sortutako energia berriztagarria herrian bertan kontsumitzeaz aparte, ingurumena zaindu eta komunitateko bazkide bakoitzak, batez beste, %20-%25eko aurrezkia eskuratuko du argindarraren fakturan. Hasieran, 200-210 bat etxe-merkatari txiki egin ahal izango dira TEK Soraluze komunitateko bazkide. 

Josu Etxebarriak, Edinorreko ingeniariak emandako xehetasunen arabera, lehen bost urteotan ez du kosturik izango TEK Soraluzeko bazkide izateak, herriko instalazioen mantenuaz, aseguruez eta bestelakoez Edinor arduratuko baita, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta. Halaber, bazkideentzako argi-tarifarik onenak lortzeaz ere arduratuko dira. Behin bost urte horiek pasatuta, berriz, bazkide bakoitzak hilero 4-5 euro ordaindu beharko ditu halako zereginengatik. 

Halaber, Etxebarriak azaldu zuen TEK Soraluzeko bazkideek erabakimena izango dutela; esaterako, bazkideek erabakiko dute etorkizunean inbertsio gehiago egin ala ez, herrian eguzki-plaka gehiago edo bestelako berriztagarriak jarri eta argindar gehiago ekoiztu eta bazkideen artean banatzeko.  

TEK Soraluze TEK Gipuzkoaren barruan kokatuko da. Izan ere, lurraldean 22 energia-komunitate sortu dira Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, 5.000 bizilagun baino gutxiago duten udalerrietan.  

Atzoko hitzaldiaren amaieran, Edinorreko adituak, Unai Larreategi alkateak zein Iker Aldazabal alkate izandakoak herritarrak animatu zituzten TEK Soraluzeko bazkide egiteko. Halaber, Josu Etxebarriak gomendatu zuen, interesa izanez gero, hobe zela bazkide ahalik eta lasterren egitea, geroago zailagoa izango baita, tramite burokratikoengatik. 

Informazio gehiago TEK Soraluzeren webgunean eskura daiteke, bazkide ere egin daiteke bertatik, edo bestela, eguen goizetan Kalebarren 8ko lokalean dagoen energia bulegora bertaratuta. 900 85 96 95 telefono zenbakia ere badago eskura.