Sektore publikoko hainbat langilek greba egingo dute bihar

Ubane Madera Zangitu 2024ko mar. 11a, 16:35

Plaentxi Eskolan ere eragina izango du grebak.

Bihar, martxoak 12, ELA, LAB, ESK, CCOO eta Steilas sindikatuek grebara deitu dituzte sektore publikoko langileak. Soraluzen, hainbat zerbitzutan eragina izango du grebak. Hain justu, Udaleko langileek bat egingo dute grebarekin, Plaentxi Eskolan grebak “eragina” izango du, Institutuko irakasleen %43k egingo du bat grebarekin eta anbulatorioan hainbat osasun langile faltako dira.

Herriko ikastetxeei dagokienez, Plaentxi Herri Eskolatik jakinarazi dute biharko grebak “eragina” izango duela egunerokoan; aldiz, jantokiak normal funtzionatuko du. Soraluze BHI Institutuari dagokionez, berriz, jakinarazi dute langileen %43k bat egingo duela grebarekin eta ondorioz, egun horretan ikastetxera joaten diren ikasleak, irakaslea ez dagoen kasuetan, zaintzen bitartez artatuko dituztela. Halaber, jangela zerbitzua ziurtatuta dagoela esan dute.

Soraluzeko Udalari dagokionez, berriz, jakinarazi dute bertako langileek bat egingo dutela greba deialdiarekin eta ondorioz, herritarren arreta zerbitzua eta liburutegia itxita izango direla; ostera, zerbitzu minimoak Udaltzaingoak beteko ditu.

Osasun zerbitzuei dagokienez, Soraluzeko anbulatorioko mediku guztiak ez dira bertan egongo bihar, besteak beste, Eibarren gutxieneko zerbitzuak betetzearren.

Azkenik, garraio publikoa eskaintzen dutenen artean, Lurraldebusek iragarri ditu gutxieneko zerbizuak hemen eta , hemen klikatuta ikusgai.

Zazpi eskaera zehatz

Biharko greba eguna Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan %80tik gorako ordezkaritza duten ELA, LAB, ESK, CCOO eta Steilas sindikatuek deitu dute, “Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu” leloarekin.

Urriaren 25ean eta abenduaren 19an beste bi greba egun egin ondotik dator hirugarren protesta eguna, “mobilizazioekin jarraitzea beste aukerarik” ez dagoela azpimarratuta.
Sindikatuen ustez, EAJren eta PSOEren arteko inbestidura akordioaren ostean "ez da benetako pausorik eman" soldatak eta enplegua EAEn negoziatu eta adostu ahal izateko.

Laburbilduz, lan-baldintzak hobetzeko honako zazpi neurri zehatzak eskatuko dituzte:

%10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.


  • Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.

  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8an kokatuz.

  • Lan-kargak arintzea, lan-taldeen osasuna bermatuz.

  • Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.

  • Administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe.

  • Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.