Nondik nora sortu da 'Odri Ateak eta leihoak' aroztegia?
Irailean, nik aurretik lan egin dudan Elgoibarko Lodosa enpresako jabea jubilatu egin zen eta urrian ‘Odri leihoak eta ateak’ proiektuari ekin genion, nik eta beste lankide batek.
Hogeita hamabi urte egin nituen lanean Elgoibarko Lodosa aluminio aroztegian eta esan liteke han egiten genuenaren jarraipen bat dela, antzeko lanak egiten ditugu eta: aluminioa, PVCa, barandillak, ateak, armairuak, kristalak, pertsianak… Makineria berria erosi dugu eta dena bertan egiten dugu, bertan moztu eta muntatu.
Zergatik erabaki duzue Soraluzera etortzea?
Soraluzen ez dagoelako aluminiozko aroztegirik. Gainera, izatez, ni plazentziatarra naiz eta orain arte beti kanpoan egin dut lan, eta neure artean esaten nuen: "Etorri egin beharko gara ba Plazentziara, hemengo jendeari zerbitzua ematera". Horrez gain, leku hau, Sagar Errekako sarrera, oso leku ona da aroztegia jartzeko. Alde batetik, errepiderako sarbide ona du eta, bestetik, Elgoibar eta Eibar bost minutura daude. Bestalde, lokalaren kostua dezente garestiagoa da inguruko herrietan eta hemen, merkeagoa izateaz gain, espazioa Fogaslerrekin elkarbanatzeko aukera ere suertatu zaigu.
Zertan egiten duzue lanik gehien?
Atarietako komunitateko leihoak eta ateak jartzen. Orain, fatxadak konpontzeko dirulaguntzak ematen dituztenez, arlo horretan lan asko sortzen da. Horrez gain, balkoietako barandillak ere egiten ditugu eta azken aldian kanpoko armairuak ere asko dihardugu ipintzen.
Nongoak dira zuen bezeroak?
Hogei-hogeita hamar kilometroren bueltakoak dira gehienak eta, batez ere, kostaldekoak: Ondarroa, Mutriku, Deba… Bergarara oso gutxi joaten gara. Gehiago Eibar eta Elgoibar alderantz. Soraluzen bertan ere gero eta gehiago egiten dugu lan.
Norbere kontura jarduteak izango ditu bere abantailak.
Norberarentzat lan egitearen alde ona da zeure erara lan egin dezakezula, erabakiak hartu... Hori bai, hanka sartuz gero... Egia esan, aurreko enpresan ere enkargatua nintzen eta berdin-berdin hartu behar izaten nuen ardura. Lehen eta orain, bezeroari begira, ahalik eta ondoen egiten dut lan, baina, bueno, orokorrean, orain, gusturago lan egiten dut, bai.
Nola dago sektorea?
Lana badago, besteak beste, gero eta jende gutxiagok diharduelako lan honetan. Aroztegiak itxi egiten dituzte eta ez dituzte berriz zabaltzen. Jendeak nahi du beste batentzako lan egitea. Sektore honetan formatuta dauden guztiek lanean dihardute baina nonbaitera deitzen duzunean, ez duzu formatutako jenderik bilatzen. Pena da.
Urteotan zer aldatu da langintza honetan?
Orain aukera gehiago dago materialetan eta horrek erraztu egin du lana. Adibidez, lehen leihoak igeltseroak lotzen zituen hormara eta orain bitsarekin lotzen dira.
Gainerakoan, ba, lehenago ipintzen ziren kaxoidun pertsianak baina haiek arazo asko ematen zituzten eta, orain, berriz, zinta leihoaren barnealdetik jartzen da eta errazagoa da. Gainera, mantenimendu gutxiago behar du. Leihoetan, orain, gehien begiratzen dena da zenbat zarata kentzen duen. Ateetan ere, lehen zen sota, caballo, rey eta orain sekulako aukera dago, koloretan, sarrailetan, bakarrik zabaltzen diren ateak…
Amaitzeko, zein izan da instalatu duzun gauzarik bitxiena?
Behin egin genuen Zumaiako lantxa batendako metakrilatozko babesgarri bat. Hori izan da egin dugun gauzarik arraroena, baina erraz moldatu ginen, neurriak hartu eta kito.