Martxoak 8 Soraluzen

Bizipenez eta oroimenez beteta

Ubane Madera Zangitu 2024ko mar. 8a, 11:05

Bihar, zapatua, bukatuko da 2024ko Pandemonium Raida eta hori baino lehen, gaur, Martxoak 8 dela-eta, abentura horretan parte hartzen duten emakumeei keinu egin nahi izan diete taldekideek. Antxon Garcia soraluzetarrak egin du bideoa, “ahalegin handiarekin baina pozik, neskei gustatuko zaielakoan”. Bideoa, euskaraz, Plaentxia.eus-endako egin dute, haren bitartez, soraluzetarrekin eta ingurukoekin partekatzeko. Donostiako Barbara Guibert, Durangoko Sonia de Pedro eta Iratxe Fernandez dira gaurko protagonistak. 

Martxoaren2tik daude Marokoko basamortuan Fernando eta Antxon Garcia soraluzetarrak euren C15arekin eta ohi dutenez, opari sorta ederrarekin 100 baloi, Atlaserako neguko arropa, hiruzpalau bizikleta… eraman dituzte. Bihar bukatuko dute aurtengo abentura eta aurten ere, bizipenez eta oroimenez beteta bueltatuko dira soraluzetarrak etxera.

Bataio marokoar baten

Leku guztietan oso-oso harrera ona egiten ari zaizkiela kontatu du Fernando Garciak. Adibide modura, kontatu du atzo, familia bati arropa eta baloiak eramatera joan zirenean, bataio batekin egin zutela topo eta eurak ere gonbidatu zituztela ospakizunera familiako guztiekin batera. “Urtero gertatzen zaigu zerbait desberdina eta aurtengoa benetan ederra izan da. Aurtengoa sari moduko bat da, bataio marokoar batean egoteko aukera ez du izaten-eta jende askok”.

Garciak nabarmendu du eurek errespetua erakusten ahalegintzen diren neurri berean errespetatzen dituztela bertakoek. Halaber, gaineratu du han egoteak eta haien bizipoza ikusteak laguntzen diela gero gehiago apreziatzen etxean dutena. “Gure pribilegioak are nabariago ikusten ditugu eta dugunaz gozatzen eta kontziente izaten laguntzen digu hango esperientziak, hartara, pozago bizi zara duzunaz disfrutatu egiten duzulako”. 

Abenturako argazki batzuk ere bidali ditu Garciak. HEMEN KLIKATUTA ikusgai.

Erlazionatuak

Orain, Pandemoniumera

Ubane Madera Zangitu ots 28 Soraluze