Zazpigarren urtez parte hartuko du Fernando Garcia soraluzetarrak Pandemonium Raid-ean eta Bestetan moduan, C15 autoa opariz bete-beteta darama aurten ere, 90 bat baloi, Eibar taldeak emandako arropa bete kaxak, “basamortuan ekipo oso bat egiteko beste”, eta gehiago.
AFESD elkartearen, Diagnostikatu Gabeko Gaixotasunek Kaltetutakoen Elkartearen kometa ikusgai dutela abiatuko dira bi soraluzetarrak bihar, eguena, Eibartik Algecirasera. Asmoa dute Algecirasen egun bat lasai pasatzeko, dagoeneko familiakoak bailiran sentitzen dituzten Pandemonium Raid-eko bestelako partaideekin.
"Basamortuaz gozatzeko"
Hortik aurrera ya ez dute erlaxatzeko asti larregirik izango, ze martxoaren 2tik 9ra bitartean 4.000-5.000 kilometro inguru egingo dituzte Pandemoniumaren zirkuitua gauzatzeko. Tangerren hasiko da Raida eta bertan bukatu, bidean, Mequinez, Midelt, Merzouga, Merz, Tinerhir eta Khenifra zeharkatuz. Tartean daudenen artean, Atlasean ibiliko dira eta aurten Pandemonium-a ohi baino lehenago denez, elurra zein lokatza espero dituzte bertan.
Soraluzetarrekin batera, Bilboko, Kataluniako, Almeriako eta Santanderko pilotu-kopilotuak ibiliko dira, besteak beste, Marokoko bideetan barrena.
Kontuak kontu, betiko moduan “ilusioz” dago Fernando Garcia basamortura joateko. Aitortu du aurten apur bat nekatuta ere badagoela, urtarrilean Dakar Rallyan parte hartu baitzuen Saudi Arabian.
Horregatik, Pandemonium-a “oporrak” bailiran ikusi nahi du, urtarrileko proba “potentearen” ondoren, zazpi urtean bertan ezagutu izan dituen lagunekin elkartu eta “abentura berpizteko, antzinako Dakarraren pistetatik” eta batik bat, horrenbeste maite duen “basamortuaz gozatzeko”. “Aurten nire Dakar txiki handia izango da”, dio Garciak.
Pandemonium-eko soraluzetarren abenturak jarraitu nahi dituenak horretarako aukera dauka Instagrameko kontua jarraitzeko, C15-AX.