0 KM KOMERTZIOAK

Bonuak erosteko irrika

Ubane Madera Zangitu 2024ko mar. 7a, 09:27

Gaur, eguena, hasiko dira saltzen Bizikale Merkatari Elkarteak eta Soraluzeko Udalak ateratako erosketa bonuak. 09:30ean hasiko dira eta 19:30ak arte eten gabe ibiliko dira saltzen, baina ikusten denez, herritarrak gogotsu daude bonuek eskaintzen duten aukera aprobetxatzeko eta 09:15erako dagoeneko ilara sortu da Kalebarren 8ko lokalaren aurrean. 

Berez, gaur eta bihar salduko dituzte bonuak herriko dendetan, zerbitzuetan eta tabernetan gastatzeko erosketa bonuak. Gaur, eguena, 09:30etik 19:30ak arte eta bihar, barikua, berdin, baldin eta noski, lehenago agortzen ez badira. Eta ikusita salmenta ordua baino lehen Kalebarrenen ilara zegoela, badirudi bizkor ibiltzea komeni dela. 

Gogoan izan dendetan zein zerbitzuetan erabiltzeko bonuak 20 euroan salduko dituztela eta haiekin 30 euroko erosketak egin ahal izango direla. Tabernetakoak, berriz, 10 eurotan salduko dituzte eta 15 euroko erosketa egiteko balioko dute.

NAN batekin bi bonu eros daitezke eta herritar bakoitzak, gehienez jota, hiru NAN erabili ahal izango ditu. Ostalaritzarako 100 bonu aterako dituzte eta merkataritzarako eta zerbitzuetarako, berriz, 450 bonu.