Pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean salatu zutenez, Pentsioak Erreformatzeko Dekretua aplikatuz, “2027an, oraindik 919 eurokoa izango da ezkontiderik gabeko pentsiodun batentzat, eta oso urrun dago une honetan zaharkituta dauden 1.080 euroetatik”.
Ildo beretik, egindako azken erreformek erretiro-adina luzatu egiten dutela ekarri zuten gogora eta esan zuten horren ondorioz, “erretiroa hartu arte langabezian zain dauden adineko askoren pentsioak murriztu” egiten dituela. “Ezartzen zaien langabezia egoera batengatik ordaindu beharreko prezioa oso larria da. Urte askoan miseria-sorospena jaso behar izateaz gain, kotizazioak lanean jarraitu baino baxuagoak izango dira gehienetan, eta, ondorioz, pentsioak txikiagoak izango dira”.
Zazpi hildako
Bestelakoen artean, berriz, domekara begira jarri eta gogora ekarri zuten 1976ko Martxoaren 3an, “polizia frankistak, aurrez pentsatuta eta hotz, bost langile hil eta ehundik gora larri zauritu” zituela “Gasteizko San Frantzisko elizan modu baketsuan egiten ari ziren langileen batzarra indarrez desegitean”. Eta gutxira beste bi pertsona hil zituztela Basaurin eta Tarragonan “greba eta elkartasun manifestazioetan”.
Salatu zuten, oraindik orain, inork ez duela ordaindu egindakoarengatik eta justizia eskatu zuten.