Gipuzkoako errugbilari gazteek Soraluzen entrenatu zuten

Ubane Madera Zangitu 2024ko ots. 26a, 10:16

Zapatuan, Ezoziko Futbol Zelaia 14 eta 18 urte bitarteko neska errugbilarien topagune izan zen. Eguraldiak baldintzatuta, aurreikustakoa baino jokalari dezente gutxiago izan ziren bertan. Hori bai, bertaratu zirenek gogotik jardun zuten euriari eta hotzari aurre eginez entrenatzaileek agindutakoei kasu eginez. 

Zapatuan, bi entrenamendu-saio egin zituzten Gipuzkoako 14-18 urte bitarteko errugbilari neskek, gazteenek lehenengo eta helduagoek segidan. Irungo Txinguditik, Donostiako Bera-Beratik, Ordizitik, Arrasatetik, Mutrikutik eta Eibartik etorri ziren jokalariak eta gogotik jardun zuten Bera-Berako Arrate Otaño Lijo eta Ihintza Alkorta Albisu entrenatzaileen eta SoraGazteak Rugby Klubeko Erika Pasenau soraluzetarraren esanetara.
 
SoraGazteak Rugby Klubaren eskutik antolatu zen saioa, Gipuzkoa mailako errugbi jokalariekin egiten duten bigarrena izan zen. Martxoaren 17an, berriz, hirugarren saioa izango dute, kasu honetan, 10-12 urte bitarteko jokalariekin.