Zer nabarmenduko zenuke 2024ko aurrekontutik?
Aurrezpena handitu izana, ondorioz, inbertsiotarako diru gehiago daukagu. %2tik %6ra igo da aurrezte maila eta inbertsio partida 125.000 eurotik 405.000 eurora igotzea horren ondorio da. Helburua da %10era ailegatzea agintaldi bukaerarako. Klabea da, hori ezin dugu perspektibatik galdu. Oposizioak kritikatu zigun gastu arrunta igotzea; ni horrek ez nau horrenbeste arduratzen, baldin eta aurrezpen kapazitatea ere igotzen badugu. Osotasun ariketa baten barruan, gastua eusten, zaintzen joan beharra dago, baina helburua ez da gastu korrontea txikitzea, baizik eta aurrezpen maila igotzea eta gainera herritarrei zerbitzuak hobetuz.
Hori zelan egiten da?
Partidak banan-banan aztertuz. Azken urteotan ohitu izan gara soberakin handia izaten urte bukaeran; ondorioz, proiektuak soberakin horien arabera aktibatu izan dira. Nire ustez hori ez da kudeaketa egokia eta horregatik dator aldaketa. Aurrekontuaren exekuzioa %90etik gorakoa izateak behar luke normala, eta, egon dira urteak ez dena iritsi %80aren exekuziora.
"Paradigma aldaketa hortik dator; ez ditugu egin doikuntzak zerbitzuak kentzen edo murrizten, baizik eta aurrekontuak jartzen dituen proiektuei eta numeroei fidelago"
Guk esaten dugun paradigma aldaketa hortik dator; ez ditugu egin doikuntzak zerbitzuak kentzen edo murrizten, baizik eta aurrekontuak jartzen dituen proiektuei eta numeroei fidelago. Sistema honek ekarriko duena da egon ahal den aurrezpena hasieran agertzea eta ez horrenbeste urtea bukatzean dirua sobratzea. Beraz, exekuzio portzentajean igoera emango da; niretzat notizia ona litzateke urte bukaeran ez sobratzea dirutza.
Ziklo berria datorrela ere iragarri zenuen, zein zentzutan?
Badaude proiektu batzuk lehenagotik datozenak eta ixten doazenak. Gu horien parte ere izan ginen, oposiziotik hor egon ginen, proiektuak bultzatzen eta laguntzen. Orain, berriak sortzea dagokigu eta berriak sortze horretan, aurrekontuan ageri diren hainbat azterlan horri erantzutera datoz. 65.000 euro baino gehiago daude proiektu diferenteak aztertzeko. Tokatzen zaigu proiektu horiek mahai gainean jarri eta aztertzea eta ikustea ze proiektuk izan ahal duen zentzu gehiago, bakoitzak zenbat diru behar duen… eta guzti horrekin urteetako plan bat egin. Guk badugu EHBilduren plan estrategikoa, baina herriko plana egin nahi dugu eta hori osatzeko baldintza berriak behar dira. Hortik ziklo berriarena.
Hainbat proiektu aipatu dituzue; Plaza Zaharra ibaiarekin zelan lotuko da?
Kalebarren 24ko etxea eraitsi egingo da eta ibaira jaisteko proiektua egingo da, lehen asmoa da harmailekin gerturatzea ibaira, anfiteatro modura-edo. Udazkenean hasiko da obra.
Plaza Zaharra Erregetxepera zabaltzeko aukera ere jasota dago.
Hori ere aztertu beharreko gai bat da. Arkitektoaren ideia da.
Dena den, badirudi Plaza Zaharra indartu egin nahi dela.
Jokoa ematen du. Ibaiarekin konektatzeko aukera sortzen da eta ikusten da egingarria dela. Inguru horretan aztertuko da Plaza Zaharra Erregetxe azpirantz zabaldu daitekeen ala ez, goazen aztertzera eta gero jendearekin batera baloratuko dugu. Ibaira gerturatzearena, berriz, garbi ikusten da.
"Olaldea garatuko balitz eta aparkaleku berriak egin, Erregetxearekin joku askoz gehiago izango genuke"
Dena den, Plaza Zaharrak hirigintzarako jokoa ematen duen moduan, Erregetxeak ere bai. Hori Plan Orokorrean jasota dago, Olaldea garatuko balitz eta aparkaleku berriak egin, Erregetxearekin joko askoz gehiago izango genuke.
Aztergai daude bi igogailu, Gabolatsekoa eta musika eskolakoa. Zailtasunen bat ikusten da proiektuak zuzenean ez hasteko?
Ez dira obra errazak teknikoki eta aurreikusten da diru partida dezentekoa beharko dela. Epe ertainera urteetako plana egin ahal izateko, zenbat errekurtsorekin kontatzen dugun jakin beharko dugu, zein proiektu ditugun eta ahalegindu guztiak ordenatzen. Irisgarritasun Planean bi horiek aztertuko dira propio, baina Irisgarritasun Plan oso bat egingo da udaberrian. Gune horiek eta herriko beste hainbat aztertuko dira eta lehentasunen hurrenkera osatu beharko dugu. Baina aurreikusten da obra handiak bi horiek izan ahal direla eta teknikoki aztertuko dira jakiteko ea inkorpora daitezkeen. Projekta Urbesek egingo du Irisgarritasun Plana.
Energia azterlanak ere iragarri dituzue, igerilekuan, besteak beste. Zergatik?
Igerilekua da herrian gastu energetiko gehien eragiten duen zerbitzua; nahi da begiratu zenbat inbertsio egin beharko litzatekeen igerilekuaren sakonera gutxitzeko eta hori eginda, jakin zenbat aurreztu ahal den. Gero, begira hasi garenean, ikusi dugu hori egin duten herrietan, igerilekuari beste erabilpen batzuk ematen ari direla aquagym-eta beste hainbat ikastaro egiteko hobeto daude, eta, hainbat pertsonarendako erabilgarriagoa izango litzateke igerilekua, hain justu badagoelako jende bat lurra ez badu ukitzen ba ez dena ausartzen. Batetik zein bestetik ikusten da zentzuzko kontua dela, baina ikusi egin behar zein kostu duen.
Kale argiteria ere baduzue aztergaien artean, ezta?
Azken boladan, lasai antzean dago kontua. Dena den, badaude leku batzuk armairuak eta kableatuak berritzea komeni dena; horrekin batera, aztertu nahi ditugu gaur egungo bestelako sistema batzuk, telegestioa, mugimenduaren arabera intentsitate gehiago izatea… nahi dugu begiratu zein hobekuntza egon ahal den eta berori baliatu inbertsioak egin ahal izateko jendeari argiteriak ondo funtzionatuko duen segurtasuna emanez.
Askotan entzuten da argi gutxi dagoela herrian…
"Dena ez da kontsumoa aurreztu edo gutxitu, faltan dagoen lekuetan ere ipini egin beharko da"
Konplikatua da hori. Berez, kale argiteriako auditoriak eginda daude aurreko agintalditik; identifikatzen denean gune ilunak hobekuntzak ipintzen dira, gehigarriak ipintzeko aukera begiratzen da; negu garaian ikusten da hori gehiago. Beti egongo gara prest jendeak esaten dituenak entzuteko. Dena ez da kontsumoa aurreztu edo gutxitu, faltan dagoen lekuetan ere ipini egin beharko da.
Hiri altzarietarako bi partida iragarri zenituzten, biak berdinak, bata erdigunerako eta beste bat periferiarako. Zergatik?
8 hilabeteotan ari gara jasotzen periferiako auzoetan sentimendua dela apur bat lagata daudela eta gutxi zaintzen direla. Era berean, konturatu gara jendea ez dabilela eskatzen egundoko obrak, baizik eta bazterrak zainduta edukitzea, txukun eta inguruan gustura sentitzea. Hori ikusita, erronka moduan jarri diogu gure buruari bertako auzolagunekin batera identifikatzea zertzuk nahiko lituzketen hobeto egotea auzoan eta ariketa hori egiten hasi gara. Abenduan Loralden egon ginen, bertako bizilagunekin elkartu eta beharrak identifikatzen, eta ahal den neurrian erantzuten ahaleginduko gara bertako eskaerei. Adibidez, sasiak eta belarrak moztu, zikinak garbitu, barandak margotu, jarlekuetan mantenua… eskatu zituzten eta eskaera horiek errepikatzen dira leku guztietan. Gure nahia da hilabete bakoitzean auzo batetik pasatu, bertakoekin berba egin eta hurrengo hilean ahalegintzea exekutatzen. Dinamika ondo irteten bada, urtero horrela jardutea da asmoa. Horregatik ipini dugu partida, gure konpromisoa adierazteko.
"Gure nahia da hileka auzo batetik pasatu, bertakoekin berba egin etea hurrengo hilean ahalegindu exekutatzen"
Hilerrian kolunbarioak jarriko dituzuela ere esan zenuten.
Herritar batzuk eskatu digute eta udaberrirako ipintzen ahaleginduko gara. Hasiera baten 20 ipiniko dira eta bakoitzak 2 ontzirentzat lekua izango du.
Kiroldegirako hainbat inbertsio ere iragarri zenituzten, baina bada beste asmoren bat aurrerago?
Pendiente dago beheko aldagelak berritzea. Ahaleginduko gara udan egiten. Horrekin batera, udan, margotuko da frontoia eta ordurako nahi dugu garbi izan padel pistarekin zer egin. Erronka, berriz, da kiroldegiko zerbitzuak hobetzen joatea, ikastaroetako tarifa planarekin egin dugun moduan.
Etxebizitza Diagnostikoa iragarri duzue, gero lan-tresna modura erabiltzeko. Zein zentzutan?
Zahartzen doa etxebizitza parkea,15 urteotan Plazentzian ez delako etxe berririk egin. Horren ondorioz, hainbat etxeren baldintzak ez dira egokiak eta horrek zaildu egiten du berritze ariketa baten sartzea. Beharra dago aztertzeko zein den etxebizitzen egoera erreala, jakiteko zenbat etxe huts eta zein egoeratan dauden etapa herritarrek zer etxebizitza premia duten: irisgarritasuna, erosi nahia baina gustuko etxerik topatu ezina, edo alokatu nahia eta ezina ez dagoelako aukerarik… Hori dena aztertuta, Jaurlaritzako programetan parte hartzeko asmoa dago, hitzarmena sinatzeko asmoa dugu elkarlana abiatzeko, etxejabeek lasaitasun handiagoarekin etxebizitzak alokatu ahal izateko bermea ematen duelako, eta ea kapaz garen hutsik dauden etxeak mugitzeko. Eta proiektu berrien beharra zenbaterainokoa den aztertu nahi da.
"Olaldea, adibidez, leku on bat izan daiteke etxebizitzak egiteko, baina zenbat jende egon daiteke erosteko gogoz?"
Olaldea, adibidez, leku on bat izan daiteke etxebizitzak egiteko, baina zenbat jende egon daiteke erosteko gogoz? Edo edadetuentzat han apartamentutxoak egiten badira, zenbat daude prest bere etxea laga eta hara joateko? Benetako dimentsioa hartu ahal izateko diagnostikoa egingo dugu. Lan ildoak nahikoa identifikatuta ditugu, baina nahi dugu ziurtatu ez dela gure ideia bat, baizik eta fundamentatuta dagoela. Ikerketa hasita dago, Aztikerrek egingo du.
Kultura gaietara pasatuz, hor ere iragarri dituzue hainbat inbertsio berritzaile, adibidez, artelanak erosteko fondoa sortzea. Zer lortu nahi da horrekin?
Bide bat egin nahi da, arte munduari keinu bat egin eta ikusten denean aukera egon daitekeela gauza politak herrian geratzeko edo hemen disfrutatzen jarraitzeko, ahalegindak egingo ditugu.
Erraldoiekin lotutako prozesua ere hor dago. Horrekin zer egin nahi da?
Nahi dugu ikusi ea badagoen herritarrik nahiko lukeenik taldea osatu haiek dantzan erabili eta kalera ateratzeko, Bergaran egiten duten moduan. Jendeak oso gustura hartzen ditu, beraz, Soraluzen zergatik ez? Eta horrekin batera ikusi beharko litzateke erraldoiak egiteko zein figura nahiko liratekeen.
Bestalde, komunikazio alorrean ere badatoz aldaketak, APP-a sortzeko 14.000 euroko partida bideratuko duzue. Zertarako erabili nahi da aplikazioa?
Mugikorretarako aplikazioarekin bilatuko duguna izango da jendeak udal informazioa eskuragarriago izatea. Webgunea hor dago baina gaur egun jendea asko mugitzen da aplikazioekin eta pentsatzen dugu jendeari agenda, notiziak eta abarrak hor eskaintzea, klik batera, beharrezkoa dela.
Horrez gain, bilatuko dena da herritarrei abisuak eta oharrak helarazteko sistema: kale mozketak, argindar mozketak, asfaltatze lanak… Aukera emango luke jendeari abisuak APParen bitartez salto egiteko. Eta jendeak dituenean eskaerak, proposamenak, jakinarazpenak… ba horiek ere hortik bideratu ahalko dituzte. Orain, hamarnaka eskaera datoz, batzuk udaletxera, beste batzuk telefonoz, batzuk kalean harrapatzen zaituzte… horren gestioa hobetu behar da, bestela anabasa da eta horretarako softwarea ipiniko dugu udaletxean, horren bitartez hori guztia gestionatzeko eta jakiteko momentu oro nola ari garen gestionatzen eskaerak eta berori baliatuko dugu herritarrek hori erabili ahal izateko zuzenean Udalari eskaerak bidaltzeko. Argazki bat atera eta azalpena bidaltzeko.
Herritarrei erraztu nahi diegu bidea eta guk ere bide hori erabiliko dugu herritarrari erantzuteko.
Zelan baloratzen duzue hilabeteotan oposizioarekin izandako harremana?
Gure asmoak azaldu ostean eurek ekarpenak egin dituzte; askok aurrekontuetan edo gobernu taldeak zituen proiektu asmoekin bat egiten zuten eta ahalegina egin dugu horiek nolabait inkorporatu eta aurrekontua osatzeko. Ni, zentzu horretan, pozik geratu naiz egindako lanarekin. Ikusten da ez dugula proiektuen arteko talka-konflikto handirik, herriak dituen premiei buruzko antzerako diagnostikoa egiten dugu denok eta horrek aurrekontua bera egitea erraztu du. Denok ados bagaude lehentasunekin, herriarentzat hobeto.
Azaroan Debabarrena Berpizteko Ponentzia onartu zen; hortik etorriko da onuraren bat herrirako?
"Badaude herriari espresuki lotutako hainbat egitasmo, batez ere, apustua egiten zen Olaldea desataskatzeko partidaren bila joatea"
Eusko Legebiltzarrean onartu zen eskualdeko plan estrategikoa egitea. Orain, eragile desberdinekin egindako propiektu/ekarpenen analisi bat egiten ari dira eta laster izango dugu horren berri. Asmoa da udaberrirako itxita izatea. Badaude herriari espresuki lotutako hainbat egitasmo, batez ere, apustua egiten genuen Olaldea desataskatzeko partidaren bila joateko, Olabarrenako zubia ere aipatzen zen, herri barruko kotxeen zirkuitua hobetzeko eta mugikortasun perspektibatik Maltzagako intermodala eta Maltzagarainoko bidegorria. Erronka handia da, Soraluzera ahalik eta gehien ekartzearen alde borrokatuko gara.