Atzoko elkarretaratzean, urtarrilean Bilbon egindako manifestazioa eta haren ondotik etorritakoak izan zituzten hizpide. Azpimarratu zuten “euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari aterabide justu, demokratiko eta behin betiko konponbidea behar duela” aldarrikatzera atera zirela kalera.
Horrekin batera, salatu zuten manifestazioaren indarraldiaren aurrean “hurrengo egunean bertan” hasi zela “jazarpen birtuala errebindikazio baketsu eta demokratiko horrekin bat egin nahi izan zutenen kontra” eta ondoren “beste kriminalizazio saiakera bat” izan zela Sareren eta Etxeraten kontra, “delitutzat hartu nahi” baitute “preso daudenen eskubideak defendatzea”.
Halakoei aurre egiteko “oinarri sendoak finkatu” beharra azpimarratu eta gaineratu zuten Sareren zein Etxeraten “lanaren oinarriak” izango direla “eskubideen urraketa oro oztopatzea”.
"Zigor krudelagoa"
Presoei dagokienez, berriz, Martxoaren 8a ate joka den honetan, bereziki gogoan izan zituzten preso emakumezkoak; esan zutenez, “emakume presoak izateagatik urte luzeetan are bakartuago eta are urrunduago egon izan dira, sistema patriarkalaren adierazle garbienetakoa den kartzela sisteman zigor krudelago bat jasanez”. Hori salatzeko, M8ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egiteaz bat, “euskal preso emakumeen eskubideak kalera ateratzera” animatu dituzte herritarrak.
Azkenik, gogora ekarri zuten martxoaren 9an, Sarek urteko batzarra egingo duela Araian.